Diario Vasco
Mikel Urdangarinek kontzertua eskainiko du Zegaman.
Mikel Urdangarinek kontzertua eskainiko du Zegaman. / DV

Mikel Urdangarin kontzertuan Zegaman

  • Anduetza Parketxean izango da bakarlaria ostiralean iluntzeko 19:30etik aurrera

Zegamako Udalak eta Anduetza Parketxeak ZUR eta LUR Zegaman ekimenaren bigarren edizioa antolatu dute udazkenerako. Aurtengo edizioak ere kultur jardueraz osatutako egitaraua dakar Anduetza Parketxearen eta Zegama herriaren ezaguera sustatzeko helburuarekin. Aurreko urtean Zegamako Udalaren eta Anduetza Parketxearen artean sortutako elkarlanak arrakasta handia izan zuen, bai zegamarren artean bai beste leku ugariko herritarren artean. Honenbestez, aurten ere, egitarau aberatsa prestatzeari ekin diote Anduetza Parketxean eta azaroaren 11n, ostirala, iluntzeko 19:30etan Mikel Urdangarin izango da bertan.

Urdangarin euskal kantautoreak Anduetza Parketxean aurkeztuko duen emanaldirako, bere gitarra esku artean izateaz gain, Nika Bitchisvili biolinista izango du lagun eszenatokian. Bere azkeneko diskoa, 'M MXV' izeneko diskoa, urtebeteko bakarreko bira intentsu batetik jaiotako lana izan da. Mikel Urdangarin bertsiorik biluzienean, hauskor bezain indartsu, planteamendu berritzaileaz errepertorio zaharretik edaten badu ere. Mikel ezagutzeko ezinbesteko lana. Prezioa 8 eurokoa izango da aldez aurretik Anduetza Parketxean eta egunean bertan 10 euro.

Egitarau zabala

Anduetza Parketxearen aurtengo edizioan beste kultur jarduerak izango dira. Hurrengoa hilak 26an, larunbata, izango da. Egun horretan, Marimunduko (Maitane Aizpurua) izango da gonbidatua eta bere eskutik, Euskal Herriko ipuin eta mitoetara gerturatuko gara. Maitane Aizpurua, Ataungo Jentilbaratza Kultur Elkarteko kidea da eta Joxe Miel Barandiaranek bildutako hainbat ipuin eta kontakizun harrigarri azalduko ditu. Hainbat pertsonai mitologiko etorriko dira Anduetza Parketxera eta aurten Etsai dugu protagonista berria.

Lehen saioa arratsaldeko 17:00etan izango da eta bigarren emanaldia berriz, 18:00etan. Haurrei zuzendua badago ere, adin guztiko bisitariek primeran pasako dute kontakizun berezi hauek entzuten. Emanaldia euskaraz izango da eta aurrez izena ematea komeni da.

Ipuin-kontaketaz gain Anduetza parketxea ikusteko aukera izango du bisitariak, Aizkorri-Aratz natura parkeko interpretazio zentroa. Sarreren prezioa 2.50 euro da.

Hurrengo hitzordua Olentzero-ren kontakizuna eta Talo tailerra izango dira. Hauek abenduak 17an, larunbata, arratsaldeko 17:00etan izango dira.

Euskal Herrian Olentzerok Gabonetan opariak ekartzen ditu, nahiz eta ikazkina izanik batzuetan egur ikatza ere ekartzen duen. Oraingo honetan, Olentzero pertsonaia mitologikoaren jatorria kontatzera etorriko da Anduetza Parketxera.

Ondoren, ikazkina berarekin taloak egin eta askaria egingo dugu goxo-goxo Anduetza Parketxean bertan. Prezioa: 5 euro (egindako taloarekin askaria barne).

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate