Diario Vasco

Intxurreko gorengoen mailako taldea garaipenaren faltan

Intxurreko gorengoen mailako taldeak Bergaran jokatuko du datorren asteburuan.
Intxurreko gorengoen mailako taldeak Bergaran jokatuko du datorren asteburuan. / RENOBALES
  • Zazpi jardunaldiren ostean, lau puntu urratu dituzte Santos Irazustabarrenaren mutilek

Iragan denboraldian igoera lortu ondoren, gorengoen mailara egokitzea zen Intxurreko talde nagusiko mutilen aurtengo helburua, eta denboraldia hasi besterik egin ez den arren, maila aldaketa nabaritzen ari da taldea. Zazpi jardunaldi jokatu dituzte eta oraindik garaipenik lortu ezinda dabiltza Santos Irazustabarrenak zuzentzen dituen jokalariak. Egiari zor, lau berdinketa urratu dituzte eta sailkapeneko beheko aldean egon arren, beste hainbat talderen pare dabiltza. Larunbatean Zumaiakoren aurka bi eta lau galdu zuten. Lau punturekin jarraitzen dute, beraz, eta hirugarren dagoen Bergararen aurka jokatuko dute asteburuan, aurkariaren zelaian. Intxurreko gainerako taldeek lorturiko emaitzen errepasoa eginez, lehen mailako jubenilek hutsean berdindu zuten Idiazabalen. Laugarren postuan daude hamar punturekin eta Beasain liderraren bisita jasoko dute asteburuan; hemezortzi punturekin lehen postuan da talde goierritarra.

Infantilen mailan, bestalde, Aralar Intxurreko mutilek bost eta huts galdu zuten Ordizian. Iñigo Otamendik eta Iker Arandiak zuzentzen duten taldea sailkapeneko seigarren postuan da punturik gabe. Asteburuan atsedena izango dute.

Azkenik kadeteen mailan, mutilek puntu bat urratu zuten Beasainen aurka etxean jokatutako partidan. Bederatzi puntu dituzte eta sailkapeneko laugarren postuan dira, azken postuan punturik gabe dagoen Idiazabalen bisita jaso aurretik. Neskek, aldiz, hiru eta bi galdu zuten Hernanin. Laugarrenak dira zazpi punturekin eta beraien atzetik puntu bat gutxiagorekin dagoen Oriokoren aurka jokatuko dute etxean hurrengo jardunaldian.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate