Diario Vasco

Amezketako Udalak datorren urterako Ordenantza Fiskalak onartu ditu

  • Udal zergak eta zerbitzuen tasak aurreikusten dira dokumentuari Udalbatzak onespena eman berri die

Zerga eta tasa horiek ezartzeko orduan bi irizpide nagusi hartu ditu kontuan Udalak: KPIaren (Kontsumoko Prezioen Indizea) %1eko igoera, batetik, eta Amezketakoa bezalako biztanleria duten Gipuzkoako beste herri txiki batzuen udal zergen batez bestekora progresiboki iristea, bestetik.

«Izan ere, Amezketako udal zergen egoera orokorrari erreparatzen badiogu, biztanleria aldetik parekoak diren Gipuzkoako beste hainbat herrirekin alderatuta, haien karga-tasak gureak baino handiagoak dira kasu askotan», azaldu dute Udaletik, eta honako datuak aipatu dituzte adibide gisa: «Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan (IBIa bezala ezagunagoa) Gipuzkoako hainbat herritako karga-tasaren batez bestekoa 0,2000 ingurukoa da eta Amezketan 0,1798an geratzen da. Bestetik, Hiri Lurren Balio-Gehitzearen Gaineko Zerga ('plusbalia' bezala ezagunagoa) likida- tzen ez duten hiru herri daude Gipuzkoan, eta Amezketa da horietako bat».

Ondasun Higiezinen Gaineko Zergari dagokionez, Udalaren esku dagoen karga-tasa bere horretan mantenduko da baina hurrengo urterako Gipuzkoako Foru Aldundiak balio katrastalak eguneratu ditu eta horrek zergaren igoera eragingo du. Hala ere, hobari edo bonifikazio berria aurreikusten dute datorren urterako Ordenantza Fiskalek, «familia ugarientzat dena eta Gipuzkoako beste herrietan oso zabalduta dagoena: hiru seme-alaba dituzten familiei %20ko hobaria aplikatuko zaie, lau seme-alaba dituztenei %30ekoa eta bostetik gorakoei, %40koa.

Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gaineko Zergak, oro har, %2ko igoera izango du, baina kasu honetan ere hobari berria aurreikusten dute ordenantzek: turismo, autobus eta kamioiek %20ko hobaria izango dute zerga kuotan, kontsumitzen duten erregai motaren edota motorraren ezaugarrien arabera, besteak beste.

Tasei eta prezio publikoei dagokienez, orokorrean joan den urteko kopuruak mantenduko dira. «Zabor bilketak, udalekuek, etxez etxeko laguntza zerbitzuak eta abarrek ez dute aldaketarik jasango. Bi tasa bakarrik eguneratuko dira: hirigintza lizentziak emateagatik ordaindu behar dena eta Amezketako Udalaren Onura Publikoko mendian larratzeko eskubideagatik kobratuko dena».

Amezketako Udalak gogorarazi nahi du, hasieran aipatu bezala, udalbatzak behin-behineko onarpena eman diela datorren urterako Ordenantza Fiskalei eta, beraz, edozein herritarrek eskubidea duela dokumentua aztertzeko eta kexak aurkezteko. «Udalak erabateko prestutasuna dauka udaletxera gerturatzen den edozein herritarri beharrezkoak diren azalpen guztiak emateko».

Uraren erreziboa

Gipuzkoako Urakek urriaren 21eko datarekin bidali dizkie Amezketako abonatuei aurtengo hirugarren hiruhilekoko ura, arazketa eta finantzaketa planeko erreziboak, eta azaroaren 5era arteko epea izango dute borondatez ordaintzeko. Erreklamazioren bat egin nahi izanez gero, ohiko bideak eskura dituzte bezeroek: Gipuzkoako Uraken bulegoak, 902302222 eta 943318602 telefono zenbakiak eta www.gipuzkoakour.com atari digitala.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate