Diario Vasco

Altzoko pagoa zuhaitz-motzen ikur Europako Arbola lehiaketan

Herritarrek gaiarekiko interes handia erakutsi zuten.
Herritarrek gaiarekiko interes handia erakutsi zuten. / YARZA

Imaz bertsolariak landatutako pagoak 180 urte bete ditu aurten eta 2017 urterako Europako Arbola lehiaketarako sailkatuen artean dago. Zuhaitz honek duen garrantzia azaltzeko hitzaldia eskaini zuten Valentin Mugarza, Foru Aldundiko teknikariak, eta Pili Zuriarrain, Imazen ondorengoa den altzotarrak.

Europako Arbola herritarren botoen bidez aukeratzen da eta Imazen pagoa Espainiako ordezkari izateko sailkapenean dago. Oraingoz bigarren lekuan dago, Avilako pinuaren atzetik, 20 boto inguruko aldeagatik. Bere bozka eman nahi dutenek arboleuropeo.es helbidean erregistratu behar dira eta ondoren, helbide elektronikora bidaltzen duten link-aren bidez eman behar da botoa. Gaztaña motzeta basoan landatutako pagoa, euskal zuhaitz motzen ordezkari gisa aurkeztu zuten atzo, «nahiz eta ez den zaharrena, Altzon ere badaude zaharragoak. Pagomotzak 500-600 urte bizi daitezke», herriko Mikel Olano basozainak azaldu zuenez. Lehiaketarako zuhaitzak duen historia hartzen da kontuan.

Pili Zuriarrainek bere arbasoak landatu zuen zuhaitzak zuen garrantzia azpimarratu zuen, gaur egunera arte iritsi den «ondarea» eta Europako Arbola lehiaketa «zuhaitz-motzak ezagutzera emateko aitzakia aproposa» dela esan zuen, «hemen zuhaitz motzak egiteko erabili izan den teknika ezagutzera emateko».

Hitzaldira gerturatu ziren herritarrek zuhaitz-motzak egiteko prozesuaren bideo bat ikusi ahal izan zuten, garai batean zuten garrantzia ezagutzeko. Izan ere, adarretatik ateratako egurra etxerako izateaz gain, metalurgia-enpresei saltzeko ikatza egiteko erabiltzen zuten. Gaur egun, 150.000 zuhaitz-motz inguru geratzen dira Euskal Herrian azaldu zutenez, asko mozteari utzi zitzaielako hil dira. «Kulturalki, paisajistikoki eta gordetzen duten biodibertsitatearen aldetik dute balioa, eta hori berreskuratu nahi da», Olanok azaldu zuenez. Izan ere, gaur egun basoa ez da soilik egurra ateratzeko, aisialdia eta bertan gordetzen den bioaniztasuna kontuan hartu behar dira basoen kudeaketarako.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate