Diario Vasco

Zaborren tasa %20 igoko da 2017an eta urarena %3,5

Aste honetan, urriko azken astea izanik, osoko bilkura izan da Lazkaoko udaletxean, hilero moduan, eguneko gai zerrendako puntu nagusia datorren urterako tasa eta zergen onarpena zelarik. Higiezinen gaineko zergari ipin- tzen dion tipoa jaistea erabaki zuen Udalak bertan, «balio katastrala asko igotzen den kasuetan, igoera guztia urte berean ez izatea lortu nahian», besteak beste.

Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duen balio katastralaren berrikuskapen eta eguneratzea dela eta, aldaketa nabarmenak egon dira; balio batzuk gora eta beste batzuk behera egin dutelarik. Hori dela eta, batzuen kasuan ordaindu beharrekoa gutxitu egingo den arren, beste batzuen kasuan igoerak nabarmenak izango dira. Igoera hauek urte batetik bestera kolpean ez izateko helburuarekin, OHgZ edo kontribuzioari ipintzen dion tipoa %10a jaistea erabaki zuen udalak astearteko Plenoan, 2016ko 1.86522tik, 1.6758ra 2017an. Gainontzeko zergei dagokienean, Ibilgailuen kasuan, kotxe historiko eta 25 urtetik gora dituztenak ere salbuetsi egingo dira.

Tasen kasuan ere hainbat igoera aplikatuko dira, hala nola zaborra, ura eta kiroldegiko tasei. Kiroldegiko tarifa gehienei, %5ekoa esaterako, kiroldegiko urte osoko bono indibidualak 5,2 euroko igoera izango du. Ikastaroetan, berriz, prezio altuenek ez dute igoerarik izango; gutxien ordaintzen denetan, «ikastaroen arteko parekatzea aurkitze aldera», %20 igoera ezarriko da. Igoera hauek 2017ko irailetik aurrera aplikatuko dira.

Uraren eta zaborraren kasuan, «helburua sarrera eta gastuen arteko oreka mantendu edo lortzea da», udalaren esanetan. Horretarako, uraren tasa %3,5a igoko da, «kontsortziotik aplikatuko den igoera parekatzeko», eta %20a zaborren tasaren kasuan, «Sasietari 2017an egin beharreko ekarpenaren eta diru sarreren arteko aldea murrizteko».

Ordainketak errazteko, egutegi fiskalean aldaketak egitea ere onartu zen azken plenoan. Zaborraren kasuan ordainketa guztia txanda batean egin ordez, bitan egingo da: apirilean eta urrian. Ostalaritzari dagokionez ere, mahaiengatik urtean zeharrerako egiten duten ordainketa bitan banatuko da.

EH Bilduren aukako bozka

Baina Plenoan aldaketa guzti hauek onartu baziren ere, EAJren aldeko botoekin izan zela aipatu behar da, EH Bilduko sei ordezkariek aurkako bozka eman baitzuten. Hauen esanetan tasa eta zergek izango duten igoera «gehiegizkoa» delako eta lazkaotarrengan «eragin zuzena» izango duelako.

Zaborren tasaren %20aren igoerari buruz inoiz izan den altuena dela diote, «garestiagoak suposa- tzen ziren beste zabor bilketa sistema batzuekin baina altuagoa» eta uraren tasa %3,5a igotzea, IPCaren igoera %0,1ekoa denean, «neurrigabea» dela. Kiroldegiko erabiltzaile guztiek ere bertako zerbitzuen tasen igoera pairatuko dutela azaldu dute, «kuota orokorrez gain kursilloak ere garestituko direlako...».

OHgZri dagokionean, EH Bildutik EAJri egindako proposamenen ondorioz udalak zerga honi ipinitako tipoa jetsi duela aitortzen dute baina argi utzi nahi da, baita ere, hau ez dela nahikoa EH Bildu Lazkaoren iritziz. Foru Aldundiak egindako katastroaren berrikuspenak eraginda, Lazkaoko Udalak zerga honen ondorioz izango duen diru sarrera nabarmen haziko da, tipoa jetsi arren, eta EH Bilduko ordezkari lazkaotarrek «ez dugu beharrezkoa ikusten OHgZren inolako igoerarik», diote.

Xehetasun azterketa

Bestalde, urriko osoko bilkuran 16.H.J.A. ko 'San Prudentzio Ermita' izendatutako bi partzelen Xehetasun Azterketari behin betiko onarpena eman zitzaion, udalbatza osoaren onarpenarekin oraingoan. San Prudentziotik Izarbasora doan bidean dauden bi partzela dira, 2010ean erretako etxearena eta honen aldamenekoa hain zuzen ere. Xehetasun Azterketaren helburua, eraiki daitezkeen eraikinaren xestra eta lerrokadurak, alineazio eta rasanteak, finkatzea da eta kasu honetan erretako eraikina eta aldameneko borda bota eta, egun dagoen aprobetxamendu berarekin, hiru etxebizitza adosatu eraikitzea proposatzen da. Propietateak dagokion dokumentua aurkeztu ondoren, haserako onarpena eman zitzaion, eta jende aurrean jarri.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate