Diario Vasco

Hondakinen tasetan %1eko igoera onartu du Zizurkilgo udalbatzak

  • Alkateak dioenez, «hiru urte izoztuta egon ostean %2 proposatu genuen baina adostasunaren izenean %1ekoa da»

Hiru urtez igo gabe egon ostean, tasetan %1eko igoera onartu du Zizurkilgo udalbatzak. Joxe Mari Luengo alkateak azaldu duenez, «3 urte izoztuta egon ostean %2 proposatu genuen Udal gobernutik baina adostasunaren izenean ehuneko 1ekoa onartu genuen. Ezin da esan planteatzen zen igoera justifikaezina dela, 3 urtez igo ez direnean». Gainera sozialisten kritikari erantzunez, zera gogoratzen du alkateak: «Zizurkilgo Udala ia 30.000 euro itzuli beharrean da Gipuzkoako Foru Aldundira aurten PNV eta PSEk aberastasun handien zerga kendu eta aurreikusi baino diru gutxiago bildu dutelako. Hori bai dela gizartearen aurkako politika egitea, gehien dutenei zergak jaitsiz azkenean ekimenak aurrera eramateko diru gutxiago baitago».

Hondakinen tasari dagokionez % 5eko igoera onartu zuen Udalak EH Bilduren botoekin. «PNV eta PSEk bultzatzen duten erraustegia eraikitzeagatik soilik hondakinen kontsorzioaren faktura bikoiztu egingo dela aurreikusten da, jada 2016ko urte hasieran %40ko igoera izan zuen errefusa eta horganikoaren tratamentuagatik ordaintzen denak bi alderdi horien ekimenez. Horren aurrean, eta oraindik Udalean dugun zorra ikusita, ezin dugu besterik egin eta oposizioko alderdiek ere badakite. Hori bai gogoratu behar da egoki birziklatzen dutenek hobariak dituztela», zehaztu du Luengok.

Solasaldia gaur

2017ko Maiatza Saltsaneko prestaketen baitan, Iago Irixoa adituak hi-tzaldia emango du gaur osteguna, iluntzeko 19:30ean hasita, Plazida Otaño liburutegiko areto balioani-tzean.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate