Diario Vasco

Jolastoki berria prest dute Amezketako txikienek

Amezketako haurrek jolastoki berria zain dute dagoeneko, Udalak Beltzaren plazaren eta Abaltzisketa bidearen arteko parkea berritu baitu. 2002. urteaz geroztik aldatzeko zegoen jolastokia, Udaleko arduradunek adierazi dutenez: «Jolastokiko elementuek higadura nabarmena nozitu dute eta, nahiz eta zenbait elementu konpondu diren urteotan, ez zituzten gero eta zorrotzagoak diren segurtasun neurriak betetzen. Eta garbi dago herritarren segurtasuna bermatzea dela Udalaren ardura nagusietako bat, kasu honetan, haurren segurtasuna».

Hala, 120 metro karratuko azalera leuna duen parkeak lau elementu ditu: bi zabu edo kolunpio, batetik, eta txirrista, hodia, lokarriak eta irudiak dituzten beste bi jolas-multzo, bestetik. Jolas-multzo horiek 6 urte arteko haurrek erabil ditzakete, eta zabuak 13 urte bitartekoek. Zentzu horretan, Udalak dei egiten die herritarrei, batik bat gazteei, «erabilpenerako adinak errespeta ditzaten, jolastoki berria modu egokian erabil dezaten eta ingurua garbi manten dezaten».

Esleipen prozesuaren ostean, Electro Talleres Zarauz enpresak egin du jolastoki berria 22.175,97 euroko aurrekontuarekin.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate