Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada

Antzinako linu-putzua eraberritu du DINA7 taldeak Larraulen

Linu-putzua sasiz garbitu eta harriak txukuntzearekin batera lihoa landu dute

NÚÑEZ

Viernes, 14 de octubre 2016, 01:16

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Duela mende bat baino gehiago utzita egon ondoren, DINA 7 taldeak linu-putzua eraberritu eta berreskuratu du Katillutxulo errekaren ondoan. Antzina lihoa kotoia baino garrantzitsuagoa izatera iritsi zen eta baserrietan soro bat uzten zen berau landatzeko. Baina lihoa lantzeko mekanizatzeko zailtasunak kotoiaren alde egin zuen, XIX. mende amaieran.

Koldo Jauregi DINA7ko kideak azaldu zuenez duela bi hamarkada inguru aurkitu zuen linu-putzua eta bere aitari eta herriko helduei galdetu ondoren jakin zuen zer zen. Hainbat urtez eraberritzeko ideia izan arren, azken urteotan taldeak egiten dituen urteroko proiektuetako bat bezala planteatzea erabaki zuten, aurreko urteetan egindako egurraren eta harriaren inguruko lanen ondoren.

Linu-putzua sasiz garbitu eta harriak txukuntzearekin batera lihoa landu zuten. Pili Otaegik azaldu zuenez hiru motako lihoa lortu dute: erositako haziena, herriko belardietan aurkitu dutena, eta mendian bildutako hazietatik ateratako landareena. «Herriko belardietan oraindik ateratzen dira liho landareak, noizbait hor landatu zenaren seinale», zioten. Lihoa bi unetan landatzen da, maiatzean, irailean jasotzeko, edota irailean, maiatzean jasotzeko. Landareak jaso, karramarekin haziak kendu eta lehortu ondoren, beratzeko unea iritsi zen. Joan den asteazkenean herritar eta bisitari talde batekin batera Katillutxulora abiatu ziren jasotako lihoa uretan sartzeko, antzina egiten zen moduan. Bertaratuen artean zegoen Antselmo Larrarte larrauldarra, bere aitona lihoa egindakoa zena, eta Estanis Urdanpilleta oiartzuarra, lihoan aditua eta prozesuan lagun izan dutena Bixen Larzabal emaztearekin batera. «Hasiera batean erreketan uzten zen beratzen, baina lihoaren zuntzak lotzen dituen pektina toxikoa da eta landare eta animaliak hiltzen ziren, horregatik erreken ondoan putzuak asmatu zituzten, eta ondoren zinkezko ontzietan egitera pasa ziren», adierazi zuen. Hori dela eta, linu-putzutik ateratzen den ura ez da edangarria izango denbora pasa eta garbitzen den arte.

Lihoa bost eta hamabost egun bitartean egongo da beratzen, «landare bakoitzaren ezaugarrien arabera, biguntzen den arte». Ondoren, jaso eta lehortu ondoren, iruleen lana hasten zen: pixkanaka, behatzak txistuarekin bustiz, zuntzak atera eta harila egitea, eta hortik gero haria egitea, artilearekin egiten den moduan. Azaroaren azken astean Larraulen antolatzen den kultur astearen baitan izango du jarraipena lanak, azaroaren 26an, larunbatean, egingo den lihoari buruzko erakusketarekin. Erakusketan ikusgai egongo dira Urdanpilleta eta Larzabalek dituzten hainbat tresna, lihoa lantzeko erabiltzen zirenak, baita Bittori Garmendia Arsuaga herritarrak 1850. hamarkadan egindako maindireak, gaur egun bere ilobak jasota dituenak.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios