Diario Vasco

Giro ederrean ospatu zen Euskal Jaia

Joaldunak ere izan ziren aurten Anoetan.
Joaldunak ere izan ziren aurten Anoetan. / NÚÑEZ
  • Haurrei euskal mitologia ezagutzera emateko tailer berezia egin zen

Mariren jaitsierak eman zion larunbat iluntzean hasiera aurtengo Anoetako Euskal Jaiari, sendabelar eta mitologia gai hartu duena. Sorginez eta jentilez inguratuta iritsi zen zaldi gainean plazara eta bertan suaren inguruan dantza egin zuten, ohitura zaharrak gogoratuz. Atzo goizean, bederatzigarren urtez nekazaritza eta artisautza azoka ospatu zen. Mota guztietako produktuak erakutsi eta saldu zituzten plaza bete zuten postuetan. Sendabelarren gaia jarraituz, ukenduak eta sendabelarren inguruko liburuak ere erosi ahal izan ziren. Dultzaineroek eta Donibaneko joaldunek alaitu zuten giroa.

Sendabelarren inguruko tailerra ere ez zen falta izan. Sara Letamendiak jendaurrean erakutsi zuen nola prestatzen dituen ukenduak plazaren erdian zuen postuan, oliba olioa eta argizari naturala erabiliz. Herritar eta bisitari ugari gerturatu ziren plazara goiz guztian postuetako eskaintza ikusi eta erostera, eta asko izan ziren ere ukendu naturalen nondik norakoa ezagutu nahi izan zutenak.

Etxeko txikienentzako ere izan zen zer egina. Haurrei eta gaztetxoei euskal mitologia ezagutzera emateko tailer berezia antolatu zen. Gustura aritu ziren guztiak galtzagorri, Mari, sorginak eta gainontzeko pertsonaiak margotzen. Gainera, pilotaleku aurreko plazan antzarrak, ardiak, ahuntzak, astoak eta zaldiak ikusteko aukera izan zuten, baita zaldi gainean ibiltzekoa ere. Eguerdian egin zen jaiaren irekiera eta mitologiak hartu zuen orduan protagonismo berezia. Ataundarrek San Martin txiki bezala ezagututako pertsonaiak Tartalori gari aleak lapurtu zizkioneko istorioa antzeztu zuten. Ondoren, ardo dastaketa izan zen eta Kukuak kantuz taldeko kideek girotu zuten azoka.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate