Diario Vasco

Mitologiari buruzko hitzaldi arrakastatsua Anoetan

Alijostesek eskaini zuen euskal mitologiaren inguruko hitzaldia.
Alijostesek eskaini zuen euskal mitologiaren inguruko hitzaldia.

Herritar ugari gerturatu ziren Amaroa Kultur elkarteko Koldo Alijostesek euskal mitologiari buruz eskaini zuen hitzaldira. Alijostesek euskal mitologiaren ezaugarri nagusienak azaldu zizkien udal pleno aretoa bete zuten haur, gazte zein helduei. Euskal kulturan ahozkotasunak izan duen garrantzia azpimarratu zuen, XX. mende hasierara arte ez baitzen idazten hasi, eta istorio bakoitzaren bertsio ezberdinak daudela adierazi zuen.

Euskal mitologiak, antzinako erlijioen antzera ikuspegi animista zuela esan zuen, gauza guztiek dutelako arima edo izana, ez bizidunek bakarrik. Era berean, jainkoak eta pertsonaiak ere aurkeztu zituen: Ama Lurra, Eguzki eta Ilargi amandreak, Ortzia, Mari, eta abar.

Azalpenez gain, mitologian oinarritutako hainbat istorio ere kontatu zituen, hala nola, Errezilgo borrokarena edota Ama Lurrak Eguzki amandrea, Ilargi amandrea eta eguzkilorea sortu zituenekoa.