Diario Vasco

Intxurreko pilotarien partidak ikusgai gaur Elorri pilotalekuan

Guztira 59 pilotari ariko dira aurten Intxurren, 38 mutil eta 21 neska.
Guztira 59 pilotari ariko dira aurten Intxurren, 38 mutil eta 21 neska. / GOIKOETXEA
  • arratsaldeko 18:45ean hasita kadeteak, jubenilak eta nagusiak ariko dira eskuz binaka

Gipuzkoako Ezker Horma txapelketako bigarren jardunaldiko partidak jokatuko dituzte Intxurreko pilotariek asteburuan. Gaur bertan, 18:45ean eskuz binakako lau partida jokatuko dira Alegiako Elorri pilotalekuan. Lehenengoa kadeteen hirugarren mailakoa izango da, Intxurrek Euskal Giroaren aurka jokatuko duena. Bigarrenean, Intxurre eta Gazteleku ariko dira nor baino nor jubenilen lehen mailan. Eta azken bi neurketak nagusien hirugarren mailakoak izango dira: Orio eta Pagazpe izango dira Intxurrekoen aurkariak.

Eskuz binaka zortzi bikote eta gomazko paletan bikote bat ditu lehian Intxurrek Ezker Horma txapelketan eta pasa den asteburuan jokatutako lehen jardunaldian bost garaipen eta lau porroteko uzta bildu zuten. Hirugarren mailako kadeteak eta nagusien lehen eta hirugarren mailetako lau bikoteak izan ziren Intxurrerentzat garaipenak lortu zituztenak. Lehen mailako kadeteek, jubenilek eta gomazko paletan ari den nagusien lehen mailako neskek, aldiz, ezin izan zuten ligaxketako lehen puntua lortu.

Argazki rallya

Alegiako Argazkizaleen Taldeak antolatuta, Alegiako I. Argazki Rallya ospatuko da datorren igandean, irailaren 25arekin, Azoka Berezia iragarrita dagoen egun berean. Parte hartu nahi duten argazkilari zein argazkizaleek igandean bertan 08:45etik 09:30era bitartean Intxurre elkartera gerturatu beharko dute izena ematera, bakoitza bere kamera eta txartel grafikoarekin, eta izena ematerakoan kontrolerako argazki bat egin beharko dute.

Bi kategoriatan ariko dira parte-hartzaileak: helduen kategorian 16 urtetik gorakoak eta gazteen mailan, 15 urte artekoak. Kategoria bakoitzean hiru sari banatuko dira: bildumarik onena, argazkirik onena eta alegiar batek egindako argazkirik onena. Antolakuntzak argi utzi nahi du parte-hartzaile bakoitzak ezingo duela sari bat baino gehiago jaso.

Lehiaketako gaiei dagokienez, izen-ematearen unean bertan emango dituzte ezagutzera. «2016ko irailaren 25ean 08:45etik 14:00etara bitartean Alegiako udalerrian egindako argazkiak bakarrik onartuko dira», adierazi dute argazkizaleen taldeko kideek. Behin lanak amaituta, parte-hartzaileek 13:00etatik 14:00etara deskargatu ahal izango dituzte memoria txartelak Intxurre elkartean. «Parte-hartzaile bakoitzak kontrolerako argazkitik aurrera gehienez sei argazki jaitsi ahal izango ditu, gai bakoitzeko bat, eta horiek aurkeztuko ditu lehiaketara».

Alegiako Argazkizaleen Taldeko kideek osatuko dute epaimahaia, eta euren erabakiak apelaezinak izango dira. Behin saridunen izenak ezagututa, lehiaketara aurkeztu diren argazkiekin erakusketa bat prestatuko dutela iragarri dute antolatzaileek.