Diario Vasco

Ostiralean, danborradak eta herensugearen jaitsierak emango die hasiera sanmigelei

Herriko txistulariak erraldoiekin kalejiran aterako dira.
Herriko txistulariak erraldoiekin kalejiran aterako dira. / NÚÑEZ
  • Gaueko 22:30ean dantzaldia Zesuma taldearekin

Irurako San Migel jaiak iritsi dira eta ostiralean, emango zaie hasiera. Aurten danborradak irekiko du egitaraua, arratsaldeko 18:30etan aterako dena Agustinenea plazatik. 19:00etan, San Migel plazan agurra egingo da eta txupinazoa botatzearekin batera herensugea jaitsiko da kanpandorretik udaletxeraino. Ondoren, buruhandi eta erraldoiak aterako dira eta iluntzeko 21:00etan barrikotea izango da. Gaueko 22:30ean dantzaldia Zesuma taldearekin.

Hurrengo egunean, larunbatean, gazteek beren eguna ospatuko dute. Goizeko 9:00etan gazte festa hasiko da San Migel plazan, eta 11:00etatik 13:00etara haur parkea egongo da garbilekuko plazan. 13:00etan ere, gazteek plazara bueltatuko dira herrian zehar dantzan aritu ondoren eta neskek dantza-soka eskainiko dute. Ondoren, bazkaria izango dute gazteek Share elkartean, bikoteek Aizpurua jatetxean eta haurrek plazan. Arratsaldean, 15:30etik 18:30era haur parkea egongo da berriro garbilekuko plazan. Amaieran Ttek elektrotxarangarekin kalejira abiatuko da Share elkartetik. Iluntzeko 21:00etan gazteen afaria izango da eta 23:00etan Humus, Auxili eta Bad Sound System taldeen kontzertua San Migel plazan.

Igandean, bi eta bost urte bitartekoentzat Molto Grand Prix lasterketa antolatuko da 11:00etatik aurrera frontoiaren aurrea eta patin-lasterketak sei urtetik aurrerakoentzat Katategi industrialdean. 12:30etan apar festa izango da trinketeko aparkalekuan. Arratsaldean, 17:00etan herri kirol erakustaldia eskainiko dute Jesus Mujika, Xabier Zaldua, Ugaitz Mugerza eta Jokin Alkizalete aizkolariek eta Inaxio Perurena harri jasotzaileak Enara tabernaren pareko aparkalekuan. Ondoren, 'Ongi etorri findemundo' kale antzerkia izango da plazan eta jarraian sagardo dastaketa.

Bi eguneko atsedenaren ondoren, asteazkenean, irailaren 28an, jarraituko dute berriro jaiek. 18:15ean buruhandiak izango dira plazan Loatzo musika eskolako txistulari eta trikitilariek girotua, eta 19:30ean Loatzo musika eskolako ikasleek emanaldia eskainiko dute. Ondoren, Eguzki Goxo abesbatzaren emanaldia izango da.

Ostegunean San Migel eguna ospatuko da. Goizeko 9:00etan diana joko dute txistulariek eta 11:00etan Meza Nagusia ospatuko da elizan. Ondoren, Irurako dantza taldeko kideek emanaldia eskainiko dute eta hamaiketako herrikoia eskainiko da plazan. Arratsaldean, 17:30ean, 'Zoo Zoom' haurrentzako ikuskizuna izango da eta ondoren, 19:00etan bertsolarien jaialdia Amaia Agirre, Andoni Egaña, Oihana Iguaran eta Agin Labururekin.

Ostiralean, 18:30ean, kalejiran aterako dira buruhandiak eta erraldoiak Loatzoko txistulari eta trikitilariekin plazatik Share elkarteraino eta bertan txistor-jatea izango da. Gaueko 22:30ean play-back jaialdia izango da San Migel plazan.

Larunbatean izango da jaien azken eguna. Goizeko 11:30etik aurrera xare partidak jokatuko dira Ametsa trinketean. 14:00etan herri bazkaria izango da plazan eta ondoren kantu-poteoa Joxe Mendizabalek alaitua. Gaueko 22:45ean herensugea erreko da eta 23:15ean Kimbala eta Bi Bala taldeen kontzertua hasiko da eta, ondoren Dj Bull-en emanaldia. Urriaren 9an, berriz, jubilatuen eguna izango da. Eguerdian Meza Nagusia ospatuko da elizan eta ondoren bazkaria izango dute Trinketean. Bazkalondoren dantzaldia Joxe Mendizabalekin.