Diario Vasco

Zazpi gol sartuta estreinatu dute denboraldia Intxurreko kadete mutilek

  • Gorengoen mailako taldeak berdindu egin du eta jubenilenak, galdu

Iragan asteburuan hasi berri dute denboraldia Intxurre futbol taldeko hiru taldek, eta denetariko emaitzak lortu dituzte. Kadete mailako mutilena izan da lehen jardunaldiak utzitako garaipen bakarra: denboraldiari maila oso onean ekin diotela garbi erakutsi zuten Idiazabali 1 eta 7 irabazita. Multzoko lehen postuan jarri dira hiru puntu batuta eta hurrengo neurketan Lazkao izango dute aurkari etxean.

Gorengoen mailako taldeak berdinketarekin hasi du maila berriko ibilia. Santos Irazustabarrenaren taldeak bina berdindu zuen Lagun Onaken aurkako partida etxean eta lortutako puntuarekin sailkapeneko zazpigarren postuan jarri da. Bigarren jardunaldian Zestoaren zelaian jokatuko dute.

Azkenik, jubenilek Beasainen 6 eta 4 galduz hasi dute 2016-2017 denboraldia eta, oraingoz, punturik gabe dira sailkapenean. Segura Goierri izango dute aurkari hurrengo partidan etxean. Datorren asteburuan Intxurreko kadeteen lehen mailako nesken taldea izango da denboraldi berria estreinatuko duena: Zarautzen zelaian jokatuko dute multzoko lehen neurketa.