Diario Vasco

Gaur hasiko da XXVII. Kultur Astea

Urtero bezala udazkena heltzearekin batera Bidania-Goiazko kultur astea ospatuko da aste honetan. Gaur asteartean emango zaio hasiera eta igandera bitartean antolatuko dira ekitaldiak. Aurtengoa hogeita zazpigarren aldia izango da antolatzen dena udalaren, Ernio guraso elkartearen, Kukuri kultur taldearen eta lokaleko gazteen laguntzarekin.

Gaur iluntzeko 21:00etan barazki ekologikoen kooperatibaren aurkezpena egingo da udaletxeko pleno aretoan. Bihar, asteazkena, ordu eta leku berean, Gerra Zibileko dokumentuen azalpena egingo da Karlos Almorzaren eskutik, Bidania-Goiazko zein inguruko herrietako udal artxiboak aztertzen aritu dena. Ostegunean, Ander Malbadi eta Ander Dorronsorok Oasis Raid elkartasun proban parte hartu zuteneko esperientzia kontatuko dute, 21:00etan pleno aretoan.

Ostiralean, hilaren 23an, joan zen larunbatean antolatu zen argazki lehiaketako parte hartzaileen erakusketa eta sari banaketa egingo da 19:00etatik aurrera Bidaniko frontoian. Jarraian, edari, pintxo eta postreak izango dira denentzako. Horretarako, antolakuntzak herritarrei animatzen diete etxean prestatutako pintxoak edo postreak eramatera.

Larunbatean haurrentzako ekintza desberdinak antolatuko dira, 15:30etatik aurrera Bidaniko frontoian. Sei urtetik beherakoentzako hainbat jolas antolatuko dira eta sei urtetik gorakoek mapa bat osatu beharko dute herriaren inguruan prestatutako ibilbidea jarraituz. Haur bakoitzak motxila eta kantinplora eraman beharko du. Amaieran txokolate beroa banatuko da guztientzat. Igandean, artisau eta nekazal produktuen azoka izango da Goiazko plazan XXVII. Kultur Asteari amaiera emateko. Goiz guztian produktu ezberdinen erakusketa eta salmenta egongo da, baita talogileak, sagardoa tolarean egiteko erakustaldia, trikitilariak, argazki lehiaketako argazkien erakusketa eta sardinak sagardoarekin eta txakolinarekin dastatzeko aukera ere.