Diario Vasco

Aurrera doa Haur Hezkuntzako eraikin berria

Jangela eta balio anitzeko gela izango dena, sukaldearekin.
Jangela eta balio anitzeko gela izango dena, sukaldearekin. / NÚÑEZ

Irurako Ikastolako ikasle gazteenek laster eraikin berria estreinatuko dute. Haur Hezkuntzako gela berrietako lanek aurrera darraite eta datorren urte hasierarako amaituta egotea espero dute Ikastolako ordezkariek. «Orain arte eraikinaren eskeletoa eta gela ezberdinak egin dituzte eta datorren hiletik aurrera patioa egiten hasiko dira», dio Larraitz Agirrezabala Ikastolako zuzendariak.

Ager Iñarra arkitektoa izan da eraikuntza diseinatu duena, Oiartzungo Haur Eskola egindakoa, eta Agirrezabalak lanen baitan egiten ari den hobekuntzak eskertzen ditu: «hango eraikinean funtzionatu duten eta ez duten gauzak kontuan hartu ditu gurean aldaketak proposatuz». Horrela, ikasturte erdialdera dena prest izatea espero dute, nahiz eta ez dakiten ikasleak bertara noiz aldatuko diren.

Haur eskolak solairu bakarra du eta bi eta bost urte artekoentzako gelak, maila bakoitzeko bana, balio anitzeko gela eta jangela barne hartzen ditu. Bi eta hiru urtekoek komunak gelan bertan izango dituzte, legeak eskatzen duenaren arabera, eta lau eta bost urtekoek gelaren kanpoan. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako eraikinen artean sortuko da patioa, lehen zegoen tokian. Haurreskola berriko gela guztiek, era berean, patiora zuzenean ateratzeko aukera izango dute.

Kamisetak eta motxilak

Ikastolak hainbat material sortu ditu eraikin berriko zein urtean zehar dituen gastuei aurre egiteko. Oraingoz jertseak, kamisetak, kantinplorak eta motxilak egin dituzte, guztiak Ikastolako logoarekin pertsonalizatuak. Hilabete honetan egingo dute materialaren aurkezpena jendaurrean, hiru egunean: joan den astean izan zen lehen eguna, danborradaren entseguan izango da bigarrena eta jaien lehen egunean ere jarriko dute postua plazan, danborradaren ondoren, 18:00ak aldera.

Gainera, ohikoa den bezala taberna zerbitzua eskainiko dute jaien baitan. «Bigarren urtez jarraian Zaharretxeko tabernan izango gara. Egun hauetan muntaketa lanetan aritu gara gurasook dena prestatzen. Taberna zerbitzuaz gain, bi larunbatetan ogitartekoak ere eskainiko ditugu», dio.