Diario Vasco

Zaraten Bertso Eguna izango da igande honetan primerako bertso saioarekin

Igande honetan, Zaraten Bertso Eguna izango da.

Eguerdiko 12etan emango zaio hasiera eta libreko saioa izango da bertan ikusgai dauden eskulturen bueltan. Ondoren, 13:30ak arte, dantza egiteko aukera egongo da trikitilariak bazkaria arte arituko baitira giroa alaitzen. Gero, altzotarrek prestatuko bazkaria izango da eta berriz, trikitilarien saioa.

Arratsaldeko 4:30ean, oholtza gainean, Unai Mendizabal, Mikel Artola, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Iker Zubeldia, Iñigo Gorostarzu, Julio Soto eta Angel Mari Peñagarikano arituko dira. Bertsoez gain, bazkaria eta trikitilariak ere ez dira faltako.

Bazkariko txartelak salgai dira 15 eurotan helduentzat eta 5 eurotan gaztetxoentzat. Ohiko tokietan lor daitezke: Lizartzako Joxemarin, Abaltzisketako Larraitz gain jatetxean, Beteluko tabernan, Altzoko udaletxean, Amezketako Ametza tabernan, Tolosako turismo bulegoan, Alegiako Iskina tabernan eta Bedaioko tabernan.

Bestalde, bihar larunbata, 'Mikeleteak eta Kontrabandistak, Zarateko Historiak' argazki erakusketa ikusgai egongo da Zaraten. Goizeko 11:30ean inaugurazioa eta solasaldia izango da Arantzadiko Alfredo Moraza eta bailarako adinekoen bizipenak entzuteko aukera egongo delarik. Izan ere, mikeletek eta estraperloa mugaren bi aldeetako biztanleengan izan zuen eragina jorratuko baitute. Erakusketa bihartik hialren 25a arte, ikusgai egongo da Zaretetxean.

Azken muga egitasmoaren baitan antolatutako egitaraua hilaren 24an amaituko da. Egun horretarako, ekitaldi bereziak izango dira. Beti ere, eguraldi lagun badute, Zarate inguruan, Et Incarnatus orkestraren saioa izango da umeei bereziki zuzendutakoa. Gero, bertan, Tolosako erraldoiak eta buruhandiak ibiliko dira umeen gozamenarako.