Diario Vasco

Kirola nagusi Alkizako jaietan

Herri kirol erakustaldian parte hartu zuten herritarrak.
Herri kirol erakustaldian parte hartu zuten herritarrak. / ARGAZKIAK NÚÑEZ

Kirola izan da protagonista asteburu guztian Alkizako jaietan. Haurrek txirrindulari lasterketa izan zuten eta pilota partiduez gain, herritarrek herri kirol saioa eskaini zuten eta aizkolari eta harri-jasotzaile profesionalen arteko saioa ere antolatu zen.

Haurrentzako txirrindulari lasterketan gogoz saiatu ziren guztiak. Txikienek plazan itzulia osatu behar izan zuten eta gaztetxoek hilerrira joan etorria egin behar zuten. Guraso eta herritar ugari izan ziren animatzen eta, parte hartzaile guztiek saria jaso bazuten ere, lehen hiru sailkatuek garaikurrak eraman zituzten. Arratsaldean, berriz, herri kirol erakustaldia eskaini zuten herriko bi taldek Izaskun Mendizabal eta Jon Zabalaren omenez. Trontzan, aizkoran, korrika, lokotxak biltzen, harri jasotzen, txingak eramaten eta zaku karreran aritu ziren. Amaieran talde berdeak irabazi zuen, beltzek denbora gutxi geroago amaitu zutelarik. Hala ere, saioari amaiera emateko, bi taldeen arteko desafioa antolatu zen, kide guztiak elkarrekin, txingoka plazari itzuli bat emanez.

Larunbat gauean profesionalen arteko herri kirol saioa antolatu zen, ohitura den bezala. Aurten, Idoia Etxeberria eta Izeta II.a harri-jasotzaileak eta Donato Larretxea, Julen Cañamares, Aitzol Atuxa, Luis Txapartegi, Arria V.a eta Jon Irazu aizkolariak aritu ziren.

Harri-jasotzaileek ireki zuten erakustaldia bi minutuko saioekin: Izetak 125 kiloko kubikoa eta 11 arroako errektangularra jaso zituen eta Idoia Etxeberriak 113 kiloko harri baldarra. Aizkolariek bikoteka jarrita, bakoitzak enbor bana moztu zuten eta 80 ontzako enborra txanda librean. Hamar enbor mozteko azken lanari ekin aurretik, Etxeberriak 75 kiloko kubikoari bi minututan 15 jasoaldi eman zizkion era 100 kiloko zilindrikoari esku bakarrarekin 22 jasoaldi, Izeta II.arekin batera bolarekin agurra eskaini zuen. Pilota eskolako ikasleek ere erakustaldia eskaini zuten, binakako bi partidu eta buruz-buruko bat jokatuz.

Harmailak betetzen zituzten guraso eta lagunek gogoz txalotu zuten pelotari gazteen lana. Ondoren, txakolin dastaketa antolatu zen plazan eta arratsaldean, Ramon Agirre eta Inazio Tolosak 'Putinen guardasola' antzerkia eskaini zuten. Ansorregi eta Larrañagaren erromeriak eman zion amaiera jaiei.