Diario Vasco

Aralar Institutuan bihar hasiko dute 2016-2017 ikasturtea

Alegiako Aralar Institutuan bihar, asteazkenarekin, emango diote hasiera 2016-2017 ikasturteari. Lehenengo egun horretako ordutegia 10:00etatik 12:00etara bitartekoa izango da, eta institutura joateko garraioa behar duten ikasleek honakoa zerbitzua izango dute: Abaltzisketan eta Amezketan ohiko ordutegia baino ordu eta erdi geroago; Baliarrainen 9:15ean, Ikaztegietan (Egun Sentia) 9:22an eta Altzo Muinon 9:34ean; Bedaion Barrenan 9:00etan, Eskola-etxen 9:08ean eta Olegin 9:12ean; Orendaingo plazan 9:30ean.

Jubilatuen Elkartearekin

Alegiako Jubilatuen Elkarteak txangoa antolatu du irailaren 22rako Nafarroako El Montecillo finkara (Milagro). Autobusa goizeko 8:30ean irtengo da zubitik. Finkara iritsitakoan hamaiketakoa egingo dute, eta 11:30ean Kalahorrara joango dira. 14:30erako finkara itzuliko dira bazkaltzera, eta bazkalostean ez dute aspertzeko tarterik izango: bingoa, opari zozketa, dantzaldia eta landa festa errekortariekin.

Txangoaren prezioa, bazkaria barne, 30 eurokoa izango da. Txartelak irailaren 12tik aurrera jarriko dituzte salgai, autobusa bete arte. Irailaren 12an eta 13an bazkideei bakarrik salduko zaizkie txartelak; hortik aurrera, gainerakoei ere bai.