Utzikeriak asko errazten dizkie gauzak zibergaizkileei

Utzikeriak asko errazten dizkie gauzak zibergaizkileei
Fotolia

Uste duzu badakizula zer egin oporretan konektatutako gailuekin segurtasun arazorik ez izateko? Hamar gomendio hauetatik, ea zenbat betetzen dituzun...

M. IMAZ

Internet bidezko iruzur, lapurreta eta erasoak urte osoan gertatzen dira, baina mundu analogikoan gertatzen den bezala digitalean ere lasaitu egiten dugu arreta oporretan gaudenean. Zibergaizkileek, gaizkile arruntek bezala, ondotxo dakite hori eta, horrenbestez, areagotu egiten dira erasoak urtaro honetan.

Oporretan ere konektatuta bizitzeak ekar ditzakeen segurtasun arazoei aurre egiteko oinarrizko neurriak -adibidez, kontuz handiz ibili batere segurtasunik gabe wifi publikoak erabiltzeko orduan-, guztiok ezagutzen ditugu, baina kontuan hartu behar diren beste zenbait neurri ere badaude. Marketing Online enpresak prestatu duen dekalogoak horietako zenbait hartzen ditu kontuan, ohartaraziz gure utzikeriak asko errazten dizkiela gauzak zibergaizkileei.

1. Behin-behineko neurria bada ere, areagotu ezazu pribatutasun-maila sare sozialetako kontu guztietan.

2. Sor ezazu profil bikoitza sare sozial nagusietan, bata publikoa eta beste bat pribatuagoa, gehienez ere 40-50 pertsonakoa, familakoentzat eta hurbileneko lagunentzat.

3. Ez esan sare sozialietan zein egunetan egongo zaren etxetik kanpo, eta ez eman inoiz helbide fisikorik, ez etxekorik ez oporrak igaroko dituzun tokikorik ere. Egon adi, askotan horrelako informazioa konturatu gabe ematen da eta.

4. Ez pasa bizpahiru egun baino gehiago posta elektronikoari begiratu gabe edo sare sozialetako profiletan sartu gabe. Gaizkileek ausentzia luzeak eta aktibitaterik gabeko aldiak aprobetxatzen dituzte.

5. Oporretan bereziki egin behar zaie jaramon sare sozialek eta interneteko sarbide-hornitzaileek ematen dituzten segurtasunaren inguruko gomendioei.

6. Erne ibili sare sozialetatik iristen zaizkizun mezuekin, iruzurrerako erabiliak izan daitezke. Ezinbestekoa da bermatzea bidaltzailea benetakoa dela eta ez dizula pasahitzik edota ezer instalatzerik eskatuko.

7. Phising motako erasoak eta bankurako sarbideak zein pasahitzak lapurtzen dituzten troiarrak asko areagotzen direnez, ordenagailuetan ez ezik mugikorretan ere eguneratuta eduki behar dira antibirusak.

8. Itxi egin behar dira beti bankuan, posta elektronikoan, sare sozialetan eta gainerako zerbitzuetan hasten diren saioak, baita telefono mugikorretan ere.

9. Txartelarekin ordaindu bakarrik konfiantza osoko inguruneetan eta https kanal segurua duten guneetan.

10. Fidagarritasun eskaseko iturrietako edukiak ikusi edo deskargatzeko orduan, erabili beti iragarki blokeatzaile on bat, eta itxi segituan inolako luzapenik instalatu edo zeuk eskatu gabe gabe irekitzen zaizkizun leiho eta erlaitzak.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos