Eskubide gehiagoren truke, lan gehiago emango ditu internetek

Jorge Campanillas abokatuak azaldu zuen nola eragingo digun erailtzaileoi araudi berriak/G.R.
Jorge Campanillas abokatuak azaldu zuen nola eragingo digun erailtzaileoi araudi berriak / G.R.

Datuen Babeserako Europako Araudi berria indarrean sartzen denean, nabarmen egingo dute gora onespen eskaerek. Prest al gaude pop-up leiho eta onarpen botoi mordoari erantzuteko?, galdetu du adituak

Datuen Babeserako Europako Araudi berria indarrean sartu bezain laster, nabarmen egingo dute gora dagoeneko ugariak diren onespen eskaerek, interneteko erabiltzaileek informazio eta eskubide gehiago izan ditzaten. Puri-purian dagoen gaiak izan du dagokion tokia ostiralean hasi eta igande honetan amaituko den Tolosako Gipuzkoa Encounterren. Izan ere, herritar askok ez dakite oraindik zein ondorio izango dituen Datuen Babeserako Europako Araudi berria maiatzaren 26tik aurrera indarrean egoteak, eta horren inguruko zalantzak argitzen saiatu da Iurismática Abogados enpresako Jorge Campanillas abokatua Encounterrek baitan emandako hitzaldian.

Azaldu duenez, nabarmen ugarituko dira dagoeneko ugariak diren onespen eskaerak, eta pop-up leihoak nahiz onarpen botoiak biderkatu egingo direla aurreikus daiteke. Errealitate hori, dena den, "ez da egia bilakatuko interneteko zerbitzuen enpresa hornitzaileek atsegin dutelako, baizik eta Europar Batasunak jarraibide berriak markatu dituelako erabiltzaileei informazio eta eskubide gehiago emate aldera".

Enpresen betebeharrak areagotu egingo dira, eta bermatuko beharko dute hiritarrek badakitela euren datuekin zer egiten duten. Campanillasek jakinarazi du araudi berriaren oinarrietako bat dela erabiltzailearen onespena bermatzea, "beti ere bere borondatez egindako ekintza positiboen bidez"; hau da, ez dute balio isiltasunak, aldez aurretik markatuta datozen laukiek edo gelditasunak. Izena, adina, helbidea, gure osasunari buruzko informazioa edo kontu korronteko datu pertsonalez gain, elementu biomedikuen eta genetikoen babesa ere barneratu dituzte araudian: gure telefono adimenduna erabiltzeko hatz-marka edo aurpegien antzematea, besteak beste.

Ezabatze eskubidea

Gero eta gehiago dira, beraz, legez babestu beharko diren datuak eta, horrekin batera, erabiltzaileari beti jakinarazi beharko zaio zertarako jasotzen diren datu horiek eta zenbat denboraz. Jorge Campanillasek Europar Batasun osoan derrigorrez errespetatu beharko diren hiritar eskubide berriak azaldu ditu. Besteren artean, ezabatze eskubideak aukera emango dio edozein pertsonari bere datuak ezabatu ditzaten eskatzeko; datuen tratamendua mugatzeko eskubideak datuak zenbat denboraz gordeko diren adieraztera behartzen ditu enpresak; eta datuen eramangarritasunari buruzko eskubideari esker, titularraren datu pertsonal guztiak modu zuzen eta erosoan transferitu ahal izango dira, nahi izanez gero, enpresa batetik bestera.

Legedi berriak eragina izango du egunero erabiltzen ditugun web orrietan, online zerbitzuetan eta sare sozialetan. Europar Batasunetik kanpo dauden eta EBko hiritarren datuak erabili nahi dituzten enpresek ezin izango dute beste herrialde batzuetako araudi arinagoen arabera funtzionatu.

Horrela, Facebookek duela gutxi iragarri du, Europako gobernuekin borroka bizian aritu ostean, araudi berria onartzeko prest dagoela, eta erabiltzaileen datuen kudeaketa erraztea onartu du.

Ondorioz, sare sozial guztiek pribatutasun maila gorena izan beharko dute, erabiltzaileek besterik adierazi ezean; hots, erabiltzaileek erabaki behar dute, hala nahi izanez gero, eurek emandako datuen eta argitaratutako informazioaren ikusgaitasuna.

Abokatuaren esanetan, exijentzia maila handitu egin da datu kantitate handiak baliatzen dituzten edo Big Datarekin loturiko jarduera duten enpresentzat. Hori dela eta, isunak nabarmen areagotzeaz gain (600.000 eta 20 milioi artean euro kasu larrienetan), konpainiak orain derrigortuta daude beharrezkoak diren segurtasun neurriez arduratzera, datuak babeste aldera. Eta segurtasun arazoak agertuz gero, enpresek zuzenean eman beharko diote berri dagokion herrialdeko agintaritzari, baita erabiltzaileari ere, beretzat arriskurik balego.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos