Aibo, txakur itxurako robota, berpiztuko du Sonyk

Aurreko modeloak baino 'egiazkoagoa' da azken hau. Gai izango omen da, gainera, jabearekin "lotura emozionala" izateko./Kim Kyung-Hoon/REUTERS
Aurreko modeloak baino 'egiazkoagoa' da azken hau. Gai izango omen da, gainera, jabearekin "lotura emozionala" izateko. / Kim Kyung-Hoon/REUTERS

Guztiz eraberrituta iritsiko da urtarrilean konpainia japoniarrak 1999an sortu eta 2006an bertan behera utzi zuen 'txakurkumea'

M. IMAZ

1999ko maiatzean, plastikozko pilota arrosa batekin jolasean zebilela aurkeztu zuen Sony konpainia japoniarrak Aibo txakur itxurako robota. Garai hartan aitzindaria izan zen, eta konpainiaren irudiari bultzada emateko ez ezik gauza askotarako erabili zen, hasiera batean etxerako zen robot txikia: hezkuntzan, adinekoei zuzendutako programa terapeutikoetan, gizakien eta roboten arteko eguneroko harremanen gaineko ikerketak egiteko… Adimen artifizialaren inguruko zenbait proiektu nahiko garatuta zeuden ordurako, baina publiko orokorrarentzat kontzeptua bera berria zen, eta harrituta hartu zuen munduak zentzu askotan txakurkume baten modukoa zen jostailu garesti hura (2.000 dolarretik gorako prezioan irten zen merkatura).

Aibo eguneratzen eta hobetzen jarraitu zuen Sonyk hainbat urtez, baina 2006an, enpresa kinka konplikatuan zegoela, bertan behera utzi zuen Aiboren fabrikazioa. 2003an aurkeztu zuen Qrio etxerako robot humanoidearen ibilbidea ere iragarpena egin zen 2006ko urtarrilaren 26 hartan amaitu zen.

Erabaki haren 12 urtebetetzerako egun gutxi faltako direnean, 2018ko urtarrilaren 11an, atzera irabazien bidean sartua delarik konpainia, berriro iritsiko da merkatura Sonyren txakur itxurako robota, guztiz eguneratua eta hobetua.

1999ko Aibo hark ez zeukan gaurkoak bezain itxura 'naturala', baina ordurako gogoko zituen pilota arrosak.
1999ko Aibo hark ez zeukan gaurkoak bezain itxura 'naturala', baina ordurako gogoko zituen pilota arrosak. / KOJI SASAHARA/AP

Santu Guztien egunean baieztatu zuen Sony konpainiako presidente Kazuo Hiraik azken hilabeteetan bolo-bolo zebilen zurrumurrua, baita txakurtxoaren bertsio berria aurkeztu ere. Plastikozko pilota arrosa batekin jolasean, alegia, aurrekaria bezala.

Hobekuntza nabarmenak

Hura bezala, hau ere garestia izango da. Prezioa yenetik eurora ekarrita, 1.800 euro inguruko salneurria izango du. Hasierako ordainketa horri gehitu behar zaio hilero 24 euroko kuota bat. Maskota telefono mugikorraren bidez edo urrutitik kontrolatu ahal izateko, segurtasun kopiak egiteko eta beste zenbait mantenimendu kontuetarako beharrezkoa den zerbitzua ordaintzen da horrekin.

Aurreratu dutelaren arabera, hobekuntza nabarmenak ekarriko ditu, azken hamabi urteetako aurrerapenak erantsi baitizkiote, diseinutik hasita. Aibo berriak txakurkume potolo maitagarri bat ematen du. Tamaina ere halako batena du. Begi berdeak ditu, belarriak eta buztana marroixkak, eta mugimenduak askoz ere naturalagoak...

Teknologiaz gainezka dator robot-txakurra. Begietan telebista eta telefono pantailetarako ere erabiltzen diren OLED (organic light-emitting diode) panelak jarri dizkiote, espresibitatea areagotzeko. Sentsorez bete dute, ingurura hobeto egokitu dadin eta, besteak beste, jakin dezan jabea non dagoen edo, haren ahotsaren tonuaren arabera, zein aldartetan den. Kamera bat ere badu muturrean eta, noski, Wifiduna da. Adimen artifizialak egin dion ekarpenari dagokionez, etengabe ikasteko gai izango da eta, horren ondorioz, bere 'nortasuna' garatu ahal izango du. Jabeak bere portaera, erantzun eta jarrerekin igortzen dion informazioa prozesatzeko gai izango denez, harekiko harreman pertsonalizatuak garatuko ditu halaber.

Konpainiak dioenez, txakurraren "adimenak eta jakin-minak" jabearekiko "lotura emozional sakonak" ahalbidetuko dituzte, eta baita "bizi osorako oroitzapenak". Jabeekin maitekorra izateaz gain, hitz, agindu eta keinu berriak ikasi ahal izango ditu Aibok, eta erantzun egokiak emango dizkie horiei guztiei. Ez daitezen aspertu ez jabea ez txakurra, truko eta jolas berriak irakatsi ahal izango zaizkio, eta jostailuak ere izango ditu, hala nola 'aibone' izeneko hezur formako gailu elektroniko bat.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos