Zuzenbide kritiko eta sozialago baten alde

Ezkerretik eskuinera: Julieta Barrenechea, Joseba Eceiza, Itziar Alkorta, Marie Deramat eta Sophie Herrera/
Ezkerretik eskuinera: Julieta Barrenechea, Joseba Eceiza, Itziar Alkorta, Marie Deramat eta Sophie Herrera

EHUk prestakuntza, praktika erreala eta helburu soziala konbinatzen dituen eredu pedagogikoa bultzatu du

Euskal Herriko Unibertsitateak antolaturiko Unibertsitate Irakaskuntzako Sarearen nazioarteko topaketan, klinika juridikoa izan zuten aztergai, garapen sozial iraunkorrarekin konprometitutako esperientzia pedagogikoa. Biltzarrean hainbat klinika juridiko aztertu zituzten: besteak beste, UPV/EHUko Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoa, Bordeleko Unibertsitateko Clinique du Droit, eta Campus Ocean Experiences, bi unibertsitateek elkarlanean daramatena.

Bestalde, ostiralean, abenduak 15, Unibertsitateetako Klinika Juridikoen VI. Topaketan klinika juridikoen zeregina aztertuko dute, eta bertan izango da EHUko Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoaren zuzendaria, Maggy Barrère.

Klinika pedagogikoaren ereduak hiru oinarri ditu: prestakuntza teorikoa, prestakuntza praktikoa eta kontzientzia soziala. Ikasleek kasu juridiko errealak landuko dituzte "arazo sozial errealei irtenbide errealak emateko", irakasleen laguntzaz. "Ikasteko eredu honekin, ikasleek bi tutore dituzte: gizartea eta unibertsitatea. Horrela, ezagutza teoriko zabala barneratu ondoren ikasketak amaitzear daudenek segurtasuna eskuratzen dute, eta beren burua gai ikusten dute ezagutza horiek errealitatean aplikatzeko", azaldu du Marie Deramatek, Bordeleko Unibertsitateko Clinique de Droiteko koordinatzaileak.

"Helburua da arraza, klase edota sexu orientazioan oinarritutako berezikeriaren inguruan hausnartzea eta zientzia juridikoaren oinarriak iraultzea" Maggy Barrère, EHUko Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoaren zuzendaria

Hala, bizpahiru laguneko taldeetan antolatuta, informazio eskariak jaso eta kontsultatu eta alternatibak ematen dituzte. "Prozesu horretan, ikasleek beren buruarekin konfiantza hartzen dute, arazo sozialei aurre egiteko jarrera hartzen dute eta entzuten, pentsatzen eta hausnartzen ikasten dute. Irakasleek laguntza ematen diete; nahiz eta hasieran unibertsitateak eta profesionalek nolabaiteko eragozpenak jarri zituzten horretarako –esan du Deramatek–. Gaur, baina, esparru klinikoak beste proiektu batzuetara zabaltzen ari dira, hala nola arazo sozialen ikerketara".

Ikasleak, "ikertzeko prest"

Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean, eredu pedagogiko hau Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoaren bitartez lantzen da, duela urte eta erditik. Klinika juridikoa, besteak beste, Barrère eta Joseba Eceiza Fakultateko irakasleek jarri zuten martxan. Uste duenez, "ikasleak ikertzeko prest daude, gizarteko eragile aktibo eta parte hartzaile bihurtzeko prest. Eta horixe da gure eredu pedagogikoaren funtzio nagusia".

Klinikak justizia soziala du lanerako ardatz, eta arlo horretan zuzenean esku hartzen duten pertsona eta erakundeekin jarduten du elkarlanean. Ikasleei askotariko gaiekin lotutako kontsulta eta eskariak iristen zaizkie: giza eskubideekin lotutakoak, arraza, klase edota sexu orientazioan oinarritutako berezikeriarekin lotutakoak… "Helburua da horren guztiaren inguruan hausnartzea eta zientzia juridikoaren oinarriak iraultzea", adierazi du Maggy Barrèrek.

"Eredu pedagogiko hau lurrikara horizontal bat da" Sophie Herrera, Bordeleko Unibertsitateko irakaslea

Filosofia berberarekin jaio da Justizia Sozialaren Laborategia, hots, kezka sozialak dituzten Zuzenbide Fakultateko lehen mailetako ikasleentzat pentsatutako esperientzia. "Sentiberatasun hori, pentsamendu kritikoa eta komunikatzeko gaitasuna mantendu eta sustatu nahi ditugu, gradu amaierako lana eta master amaierako lana egiteko orduan ikerketa bera izan dadin kezka nagusia", azaldu du Ezeizak. Joan den azaroan sortu zen proiektua, hurrengo lau urteetan jarraitzeko asmoarekin.

Bordeleko Unibertsitateko irakasle Sophie Herreraren iritziz, "klinika juridikoak iraultza bat dira ikasleentzat, unibertsitatearentzat eta gizartearentzat. Eredu pedagogiko hori lurrikara horizontal bat da, gure ekosistema elkarlanean sortzeaz gain elkarlanean eraldatzen duena. Eredu honen bitartez, lan pedagogiko eta soziala betetzen da eta arazoen gaineko bestelako ikuspegi batzuk ematen dira".

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos