Zientzialari eta ikertzaile gazteenen Zientzia Azoka hilaren 21ean egingo da

Zientzia Azokari buruzko txostena eta bi akordioak, Elhuyarrek igorritako argazkian./
Zientzia Azokari buruzko txostena eta bi akordioak, Elhuyarrek igorritako argazkian.

Elhuyarrek Bizkaia Talentekin eta Unesco Etxearekin sinatu dituen hitzarmenei esker, Bilbon burutuko den ekimenaren laguntzaile izango dira erakunde biak

«Gazteen bokazio zientifikoa sustatzea, gizartean kultura zientifikoa sustatzea eta zientzia proiektu estrategiko gisa zabaltzeko tresna bat sortzea» da Elhuyar Fundazioak sustatzen duen Zientzia Azokaren helburua. Ekimena bete-betean txertatzen da Elhuyarren egitekoan, «zientzia eta teknologia gazteengana hurbiltzeko ahalegin berezi egiteaz gain, zientzia, teknologia eta berrikuntzaren euskal sare osoa ere gazteengana gerturatzeko» lan egiten baitu Fundazioak. Aurten, hilaren 21ean egingo da, larunbatarekin, Bilbon.

Askoren artean partekatutako ahaleginak egiten du posible ikasturte honetan ere milatik gora parte-hartzaile izango dituen Azoka. Astearte honetan, beste bi eragile batu zaizkio egitasmoari, Bizkaia Talent eta Unesco Etxea. Astearte honetan sinatu diren hitzarmenei esker, Zientzia Azokaren laguntzaile izango dira bata zein bestea. Aurretiko ekimen eta ekitaldietan lagunduko dute, bai eta azokan bertan parte hartu ere.

Elhuyar Fundazioak ohar baten bidez adierazi duenez, «ekimenak nahikoa irismen izan dezan, oso garrantzitsutzat jotzen da Euskal Herriko zientzia eta teknologia sareko eragile guztiak elkartzea. Horri dagokionez, adierazi beharra dago Bizkaia Talentek eta Unesco Etxeak bat egiten dutela unibertsitateek, ikerketa-zentroek, enpresek eta askotariko beste kolaboratzaile batzuek osatutako sare zabalarekin«.

Bizkaia Talentek elkarte gisa gaur egun dituen ekintza-esparruetako bat da «lankidetza-ehun trinko bat sortzea, bere helburuak garatzen eta lortzen lagunduko duten inguruko beste erakunde eta organismo batzuekin». Lankidetza-hitzarmena sinatu dute Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusi Leire Canciok eta Bizkaia Talenteko zuzendari gerente Ivan Jimenezek.

Hitzarmen honen bidez, Bizkaia Talentek konpromisoa hartzen du azokan parte hartzen duen gazte-talde bat Mouvement International pour le Loisir Scientifique et Technique (MILSET) erakundeak antolatutako ekintza batera eramateko. Halaber, talentua kudeatzen espezializatuta dagoen erakundea izanik, Zientzia Azokan parte hartzen duten gazteei lau plaza eskainiko dizkie Bizkaiko Profesionaltasunerako Eskumenen Programan parte hartzeko.

Unesco Etxeari dagokionez, «euskal gizartearen eta nazioarteko komunitatearen arteko elkarreragin eraldatzailea sustatzen du, eta iritzi eta irizpide propioak ematen ditu, ikerketaren, eraginaren, prestakuntzaren, berrikuntzaren eta dibulgazioaren bitartez». Elhuyar Fundazioaren eta UNESCO Etxearen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute Elhuyar Fundaziaren zuzendari nagusia Leire Canciok eta Unesco Etxearen zuzendari Arantzazu Achak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos