Youtuber gazte bat izendatu du Unicefek enbaxadore

Lilly Singh, 'Superwoman', Indian egindako aurkezpenean.
Lilly Singh, 'Superwoman', Indian egindako aurkezpenean. / SAJJAD HUSSAIN(AFP

12 milioi jarraitzaile ditu Lilly Singh indiar jatorriko youtuber kanadiarrak

M. IMAZ

David Beckham, Orlando Bloom, Ricky Martin, Shakira, Priyanka Chopra, Jackie Chan, Danny Glover, Liam Neeson... Orain arte, izen handiko kirolari, aktore eta kantariak aukeratu izan ditu Unicefek, Nazio Batuen haurren aldeko funtsak, bere mezuak zabaltzeko. Azkenean konturatu dira, baina, izar konbentzionalek ez direla garai batean bezain eraginkorrak, eta belaunaldi berriek beste erreferente batzuek dituztela. Esate baterako, youtuberrak.

Horrenbestez, youtuber bat izendatu du Borondate Oneko Enbaxadore Unifecek estreinakoz: jatorri indiarreko Lilly Singh kanadiarra, 28 urteko idazle eta aktorea. YouTuben duen kanal nagusirako 'Superwoman' izena darabil, eta 12 milioi jarraitzaile ditu. Igotzen dituen bideoak, 2, 6, 8, 10, 12, 17, 23 milioi aldiz ikusten dira. Kanala 2010 urtean sortu zuenetik, 2.021.558.592 aldiz ikusi dira igo dituen bideo guztiak (zenbakia ez dago gaizki idatzita, asteazken arratsaldeko datua da, bere horretan ebaki eta erantsia).

Singh ez da nolanahiko youtuberra. "Milaka dolar gastatu nituen ikasketetan, karrera bat bukatu nuen, eta orain YouTuberrerako bideoak egiten du" dio bere buruaz. Hala ere, itxuraz arinak izan arren batere azalekoak ez diren bideo umoretsuak egiteaz gain arrakasta handiko idazlea da, eta HBO kateak egin asmo duen 'Fahrenheit 451' mitikoaren egokitzapenean parte hartuko du. Forbesek egiten duen 'top influencers' edo eragin handieneko pertsonen zerrendan, bera da aurrenekoa entretenimenduari emandako atalean.

Unicefek, beraz, badaki noren esku utzi duen bere mezua haur eta gazteen artean zabaltzeko ardura. Enbaxadore berria aurkezteko India erdialdeko Madhya Pradesh estatua aukeratu zuen erakundeak, eta hara eraman zuen Singh. "Hemen ezagutu ditudan haurrek erronka askori egin behar diete aurre egunero, eta erakusten dute zer lor dezakeen ume batek aukera ematen bazaio", esan zuen inguruan egoera zailean, muturreko pobrezia egoeran askotan, hazitako haur eta gaztetxoak zituela.

Enbaxadore gisa, bere plataformak erabiliko ditu Unicefen lanaren berri emateko, eta milioika jarraitzaileek erakundea sostengatu dezaten lortzeko. Unicefen baitan hartu duen rol berriarekin batera, berak sortutako 'Girl Love' ekimenarekin jarraituko du. Horren helburua da nesken arteko gorrotoa borrokatzea eta emakumeen eta neskatoen arteko elkartasuna sustatzea.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos