Urtero bezala, eskaintza zabala prestatu du AEK-k udarako

Barnetegi ibiltarian, 15 egun Euskal Herrian barrena./AEK
Barnetegi ibiltarian, 15 egun Euskal Herrian barrena. / AEK

Uztailerako eta abuzturako barnetegiak proposatzeaz gain, datorren ikasturerako matrikula baldintza berezietan egiteko aukera eskaintzen du

Gezurra badirudi ere, udaren atarian gaude, eta udaren atarian, urtero bezala, sasoi horretara egokitutako eskaintza aurkeztu du AEK-k, «opor usainekoa». Eskaintza zehatza hemen aurkitu daiteke, eta jarduera bakoitzean izena emateko jakingarri nagusiak ere hor dituzte interesatuek baina, oro har, esan daiteke aukera nagusiak bi direla: klasikotzat jo daitezkeen euskalduntze barnetegiak eta ikastordu karga txikiagoa duten familientzakoak zein ibiltariak.

Hego Euskal Herrian, Euskalduntze barnetegiak Foruan eta Arantzan egingo dira, A2 mailatik C1-era. A2 mailakoa bakarra da, eta Arantzan egingo da, uztailaren 16tik 29ra. Gainerako mailetakoak txandakatuz joango dira, hamabostaldiz hamabostaldi, Arantza eta Foruako barnetegien artean. Irailaren 3tik 16ra bitartekoa izango da azken txanda. Propio B2 /C1 -EGA maila egiaztatzeko azterketa prestatzeko antolatu den 14 eguneko barnetegia ere badago. Arantzan izango da,abuztuaren 13tik 26ra.

Aurreneko barnetegia uztailaren 2tik 15era egingo denez, Foruan, aukera guztiak zabalik daude, izena emateko epea barnetegi bakoitza hasi baino 11 egun lehenago ixten baita.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, Urepelen egingo dira euskalduntze barnetegiak eta maila guztiak eskainiko dira. 12 egunekoa ez ezik, 24koa ere egin daiteke. Horrez gain, xiberera ikastaroa dago aukeran, maila guztietako ikasleei zuzendua. Uztailaren 30etik abuztuaren 4ra eskainiko da, Mendikotan.

Familian, oinez, bizikletan...

Uda kutsu handiagoa duten barnetegiak ere badira, hala nola familiei zuzenduak, edo ibiltariak. Familientzako barnetegien iraupena 12 egunekoa da (80 ordu), eta kontuan izan behar da B1 maila izan behar dutela gutxienez parte-hartzaile helduek. Hiru aukera daude aurten: uztailaren 2tik 13ra, Arantzan; uztailaren 2tik 13ra Foruan edo Adunan, eta uztailaren 30etik abuztuaren 10era, Zugarramurdin edo Forua. Azken bi horietan, ezin da tokirik aukeratu. AEK-ko udako barnetegietako arduradunek erabakiko dute, matrikula kopuruaren arabera, non egingo den barnetegia. Familia barnetegi horien kasuan, bestalde, izena emateko epea barnetegia hasi baino 16 egun lehenago ixten da.

Barnetegi ibiltariei dagokienez, oinez egin nahi duenak apunta ditzala datu hauek: Areatzetik Izaraba joango dira, hamabost eguneko txangoan, uztailaren 15etik 29ra. Bizikletaz ere Euskal Herrian zehar ibiliko dira 15 egunez. Deban hasi eta Etxarri-Aranatzen amaituko dute bidaia, uztailaren 29tik abuztuaren 12ra.

Baina horiek ez dira aukera bakarrak. On-line ikastaroek, esaterako, ez dute oporrik hartzen, eta aukera bikaina izan daitezke «euskaltegira hurbiltzerik ez eta opor lekutik» aritu nahi dutenentzat. A1etik hasita, maila guztietako ikastaroak daude, C2koak barne.

Horrez gain, AEK hurrengo ikasturterako aurrematrikula jarri du abian, gogoratuz izena ekainaren 19a baino lehen ematen dutenek hainbat abantaila izango dituztela, besteak beste %5eko deskontua. Web gunean ez ezik, AEK-ren edozein euskaltegitan, udabarnetegiak@aek.eus helbidean eta 946 464 000 edo 673 200 100 telefono zenbakietan lor daiteke aipatu gai guztiei buruzko informazio zehatzagoa.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos