Urtebete barru, 11 egun euskaraz

Gizarte eragile eta erakundeen ordezkaritza izugarri zabala elkartu zen Bilbon./IREKIA
Gizarte eragile eta erakundeen ordezkaritza izugarri zabala elkartu zen Bilbon. / IREKIA

Euskal Herri osoko herri erakunde eta gizarte eragileek 'Euskaraldia' ekimena aurkeztu dute Bilbon

Euskaraldia euskal hiztunak aktibatzea helburu duen ekimena aurkeztu dute ostegun honetan, Bilbon, Euskal Herri osoko herri erakunde eta gizarte eragile eta elkarteek. Egitasmoa 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo da, '11 egun euskaraz' lelopean, eta euskaraz hitz egin eta ulertzen duten herritarren arteko harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzea du helburu, baita era guztietako entitateak euskarazko hizkuntza praktikak babesteko neurriak hartzera bultzatzea ere.

Aurkezpena Arriaga antzokian egin da, eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak, Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko presidente eta Herri Elkargoko Hizkuntza Politikako presidenteordeak, Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, Naiara Mujika Lasarteko Ttakun euskaltzale elkarteko kideak eta Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzaile eta Euskaltzaleen Topaguneko kideak hartu dute hitza.

Gainera, egitasmoaren sustatzaile izango diren erakundeetako kideak ere egon dira aurkezpenean. Erakunde horien artean daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiak, AEK, Eudel, Elhuyar, EHU, Eusko Ikaskuntza, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Soziolinguistika Klusterra, Tokiko, Uema edo UEU.

Euskal Herriko hainbat euskaltzale elkartek urteetan zehar landu duten 'Euskarak 365 egun' lan ildoaren baitan kokatzen da Euskaraldia eta bi mugarri ditu. Alde batetik, euskal hiztunen hizkuntza ohituretan eragin nahi du, eta, horrela, beren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea izango da ekimenaren helburua.

Beste alde batetik, hizkuntzaren normalizazioaren ardura pertsonen eta entitateen artean partekatua denez, 2019an, mota guztietako entitateek euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea ere izango da ekimenaren helburua.

Ahobiziak eta Belarriprestak

Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzaileak azaldu duenez, Euskaraldiak iraungo duen 11 egunetan, bi modutara parte hartuko ahal izango dute 16 urtetik gorako herritarrek, Ahobizi eta Belarriprest bihurtuta, hain zuzen ere. Ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak izango dira Ahobizi, baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere; Belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak izango dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak.

Ekimena Euskal Herri osoan egingo den arren, tokian tokiko euskaltzaleak izango dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak, eta tokiko inguru soziolinguistikora zein errealitatera moldatzeko modukoa izango da. Beraz, antolaketan auzo, herri zein eskualde ezberdinetako euskaltzale taldeak arituko dira, baita elkarte, enpresa zein erakunde ezberdinetakoak ere.

Herri eta entitateek 2018ko lehen hiruhilekoan izango dute izena emateko aukera eta udaberrirako jakin ahal izango da zenbat herri eta gunetan parte hartu ahal izango duten hiztunek 2018ko Euskaraldian. Une honetan, 40 herritik gora, tartean zenbait hiriburu, Euskaraldiaren antolaketan murgilduta daudela aurreratu du Illarok, eta datorren urtearen hasierarako eskualde gehiagotara heltzea espero dutela nabarmendu du.

Herritarrek 2018ko udazkenean izango dute Euskaraldia dinamikan izena emateko aukera. Izen-ematea 2018ko irailean zabalduko da, eta Ahobizi zein Belarriprest modura parte hartu ahal izango dute nahi duten herritarrek. Euskaraldiak iraungo duen 11 egunetan Ahobizi edo Belarriprest identifikazio ikurra erabiliko dute parte hartzaile guztiek.

Bi urteko ibilbidea

Euskaraldiaren abiapuntua azken bi urteotan Euskal Herriko hainbat herritan martxan jarri diren dinamiketan dago. 2016ko otsailean Donostiako Egia auzoan bertako euskaltzaleek martxan jarritako 'Egian euskaraz bizi nahi dugulako' ekimenak 20 herri eta eskualdetan izan du jarraipena azken urte eta erdian. Horrela, Euskaraldiak 2018an Euskal Herri osora zabaldu nahi du Egian hasitako bidea.

Zehazki, joan den maiatzean Lasarte-Orian (Gipuzkoa) egindako Udaltop topaketan Euskaltzaleen Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aurkeztutako proposamenean du abiapuntua Euskaraldiak. Horrela, maiatzetik aurrera, eragile instituzional eta sozialei aurkeztu zaie proposamena eta beren ekarpenei esker garatu da.

Helburu bikoitza izan dute harremanek: batetik, dinamika sakonago aurkeztu eta zalantzak argitzea, eta, bestetik, ekarpenak jaso eta 2018ko ekimenean parte izateko gonbidapena luzatzea. Harreman horiei esker, Euskal Herri osoko instituzio eta eragileak sartu dira ekimenaren sustatzaile taldean, besteak beste, Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea Nafar Institutua, Ipar Euskal Herriko Euskal Elkargoa, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua eta Soziolinguistika Klusterra.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos