Uriarte eta Zupiria sailburuak, Nafarroa Oinezen arduradunekin

Urriaren 15ean Lesakan egingo den Nafarroako ikastolen aldeko festaren atarian, bilera egin du Eusko Jaurlaritzaren egoitzan

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikakoa, Nafarroa Oinez festaren arduradunekin elkartu dira Gasteizen. Mikel Asiain, Nafarroako Ikastolen Elkarteko presidenteak eta Josu Reparaz, Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariak ere hartu dute parte bileran.

Hauekin batera, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea, Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea, Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordea eta Lesakako Tantirumairu Ikastolako presidentea eta zuzendaria ere, Amaia Lasheras eta Aitor Iratzoki hurrenez hurren, bileran izan dira.

Nafarroako ikastolen aldeko jaia urriaren 15ean ospatuko da Lesakan. Arduradunek bileran azaldu dutenez, egun horretan lortzen den dirua Tantirumairu ikastolan eraikin berri bat eraikitzeko erabiliko da. Gaur egun, ikastola horrek Haur eta Lehen Hezkuntzako 113 ume jasotzen ditu.

Horrez gain, eraikin berri baten beharra ez ezik, bai Mikel Asiainek eta bai Josu Reparazek euskara Nafarroa osoan indartzearen beharra ere azpimarratu dute, erabilera sustatuz.

Zupiria eta Uriarte sailburuek eskertu diete Nafarroa Oinezen arduradunei bileran luzatutako informazioa, eta Eusko Jaurlaritzak jaian parte hartuko duela aurreratu diete.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos