Unibertsitateetan Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Europako Sarearekin bat egin du EHUk

Europar unibertsitateetan mugikortasun iraunkorraren arloko praktiken ezagutzak trukatu eta transferitzea da ekimenaren asmoa / Fraile

"Datozen lau urteotan garraio publikoa, bizikleta eta oinezko joan-etorriak sustatzeko eta ibilgailu pribatuen erabilera gutxitzeko ekimenak" martxan jarriko ditu Euskal Herriko Unibertsitateak

DVDonostia

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) bat egin du Unibertsitateetan Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Europako Sarearekin. U-MOB LIFE sarea Europako Batzordeak finantzatutako proiektu europarra da, LIFE programaren eremukoa. Bere helburu nagusia da europar unibertsitateetan mugikortasun iraunkorraren arloko praktika onen ezagutzak elkartrukatu eta transferitzea. Hortaz, unibertsitate komunitatearen joan-etorriek sortutako CO2 eta atmosferako beste kutsatzaile batzuen isuriak gutxitzeko tresna izan daiteke, EHUk jakinarazi duenez.

Novotec ingurumen aholkularitza da proiektuaren buru, eta bazkide dauzka lau unibertsitate europar, mugikortasun iraunkorraren praktikak ezartzen aitzindariak direnak: Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa, Rotterdameko Erasmus Unibertsitatea (Herbehereak), Università degli Studi di Bergamo (Italia) eta Politechnika Krakowska (Polonia).

Sarera hiru mailatan atxiki daiteke, eta maila horiek konpromiso eta etekin gradu ezberdinak daramatzate. Euskal Herriko Unibertsitatea maila gorenean elkartu da. Hirugarren maila horrek dakar epe laburrean mugikortasun praktika onak ezartzea, hau da, "datozen lau urteotan garraio publikoa, bizikleta eta oinezko joan-etorriak sustatzeko eta ibilgailu pribatuen erabilera gutxitzeko ekimenak martxan jartzea".

Mugikortasun iraunkorrerako neurriak

Ildo horretan, EHUk neurri batzuk burutu ditu hiru campusetan azken urteotan. Neurri horiek ahalbidetu dute mugikortasun iraunkorraren arloan aurrera egitea, hain zuzen ere. Horrela, EHUk brontzezko domina jaso zuen Espainiako Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren Mugikortasun Iraunkorraren 2016ko Astean.

"Lanean jarraituko dugu unibertsitate zentroak garraio publiko eta motorrik gabeko garraiobideetarako irisgarriago egiteko", esan du Estibaliz Sáez de Cámara Oleaga Unibertsitateko Iraunkortasunaren arloko zuzendariak.

Gainera, "hobetzeko marjina handia" dela ziurtatu du, bereziki Bizkaiko campusean". "Sare honen kide izateak gure zailtasunak eta erronkak beste unibertsitate batzuekin partekatzea ahalbidetuko digu. Beraz, aukera bikaina da mugikortasun eredu iraunkorrago, seguruago eta integratuago baterantz elkarrekin aurrera egiteko", adierazi du.

Datorren astean EHUk bat egingo du Europako Mugikortasun Astearekin. Testuinguru horretan, ekitaldi batzuk antolatu dira astelehen honetatik ostiralera, adibidez, bizikleten ikuskapen teknikoa egiteko tailerrak. Tailer horietan mantentze lanak bermatzeko aholkuak eta tresnak ere eskainiko dira. Programa campusetako web orrietan eskura daiteke.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos