Udalerri euskaldun izendatu dute Orozko

Bozkaketa UEMAren batzar nagusian/
Bozkaketa UEMAren batzar nagusian

Amaitzear den urtearen balantzea egin du UEMAk, eta 2018rako lan ildo nagusiak onartzeaz gain, euskararen arnasguneak biziberritzeko neurri berriekin

Ikaztegietan elkartu dira gaur UEMA osatzen duten 85 udalerri euskaldunetatik joandako ia ehun alkate eta zinegotzi, UEMAren batzar nagusian. Besteak beste, 2017an egindakoaren balantzea aurkeztu du UEMAk, zenbait kontu nabarmenduz. Batetik, UEMAko herrietan eta Tolosaldeko herrietan euskararen erabilera neurtzeko egin diren kale neurketen emaitzak aztertu dituzte. Bestetik, hizkuntzaren ezagutzatik erabilerara dagoen aldea zein faktorek eragiten duten aztertzeko egindako ikerketa ere gogoratu dute, bertan bildutako ondorioak giltzarriak direlakoan udalerri euskaldunetan euskara biziberritzeko. Zehazki, ondorio horiek jendarteratzeko egin den ahalegina ere aipatu dute. Orozkoko Udalak UEMAn sartzeko egindako eskaera ere onartu du gaurko batzarrak.

Jardunaldi horren ondorioei tiraka, 2018ko plangintzan UEMAk areagotu egin ditu udalerri euskaldunak zaintzeko, herritarrak sentsibilizatzeko eta euskara alor guztietan zeharlerrotasunez lantzeko lan-ildoak. Horien baitan, Euskaraldia ekimena udalerri euskaldunetan berariaz nola landuko duten ere aztertu dute batzarrean, UEMAk Euskaraldiarekin eta Topagunearekin adostutako 'Hamaika egun baino hamaika aldiz gehiago!' proposamena oinarritzat hartuta.

Batzar Nagusia amaitu ostean, UEMAko ordezkariek agerraldia egin dute hedabideen aurrean. UEMAko lehendakari Josu Labakak eta Orozkoko Euskara eta Kultura zinegotzi Begoñe Olabarriak hartu dute hitza. Labakak nabarmendu duenez, egun pozgarria izan da, "Orozko UEMAra gehitu delako, eta 85 udalekin inoiz baino sendoago dagoelako UEMA, ia 250.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuta". Horrez gain "arnasguneek euskararen biziberritzean duen funtzioak aitortza zabala eta sendoa jaso du 2017an, erakunde publikoen zein euskalgintzako eragileen aldetik".

UEMAko 85. udala

Uztailean egindako osoko bilkuran hartu zuen UEMAra sartzeko erabakia Orozkoko Udalak, udalbatza osatzen duten alderdi guztien aldeko botoekin.

Orozko, Bizkaia hegoaldean dagoen herria da, Arratia-Nerbioi eskualdean, eta 2.635 biztanle ditu. Udalerri euskalduna baldin bada ere, euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko aldeak kezka sortzen du udal arduradunengan, eta egoera iraultzeko eta euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoia egiteko asmoz hartu dute UEMAra sartzeko erabakia.

Begoñe Olabarria Euskara eta Kultura zinegotziak adierazi duenez, "egun handia da guretzat gaurkoa. Oso pozgarria da UEMA moduko erakunde baten parte izatea. UEMAren parte izatea oso aberasgarria eta onuragarria izango delako gure herriarentzat. Orozko bertan sartzeko proposamena herritik sortu zen, herritarrek osatutako euskara taldetik, hain justu ere. Eta herriagaz elkarlanean heldu gara puntu honetara. Hasieran pentsatu moduan egiten ari gara bidea”. Horregatik, hunkituta, zorionak eta eskerrak eman dizkie erabaki honetan bidelagun izan diren herritarrei.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos