Tyrion Lannisterrek esan du husky siberiar arrazako txakurrik ez erosteko

Aspalditik da Peter Dinklage aktorea animalien eskubideen aldeko militantea./
Aspalditik da Peter Dinklage aktorea animalien eskubideen aldeko militantea.

Modan jarri dira, jendeak 'Game of Thrones' telesailean azaltzen diren otsoen antza hartzen dielako

M. IMAZ

'Game of Thrones' telesailak dituen jarraitzaile ugariek oso maite dute Tyrion Lannister. Gaiaren inguruan egiten diren zerrenda guztietan lehen postuan azaltzen da alegia Peter Dinklage aktore estatubatuarrak interpretatzen duen pertsonaia. Pentsatzekoa da, hortaz, jaramon egingo diotela zerbait eskatzen dietenean, eta oraingoan eskatu die ez ditzatela erosi husky siberiar arrazako txakurrak, telesailean azaltzen diren otsoen antza dutelako-edo moda-modan jarri direnak.

PETA animalien defentsarako elkartearekin batera zabaldu duen komunikatu batean, arretaz joka dezaten eskatu die animaliak edukitzea gogoko duten telesailaren jarraitzaileei. Gogoratu die, halaber, txakurrik nahi izatekotan adopta ditzatela aterpetxetakoak, modako maskoten bila joan ordez.

"Horrek ez die bakarrik kalte egiten etxerik gabe eta familia baten beharrean babeslekuetan etxe bat edukitzeko aukeraren zain dauden txakurrei. Aterpetxeak ari dira esaten husky asko abandonatzen ari dela jendea. Hori sarritan gertatzen da jendeak maskotak erosten dituenean gauzak ondo pentsatu aurretik eta haien beharrak kontuan hartu gabe. Mesedez, zure familiara txakur bat ekarri behar baduzu, ziurta ezazu prest zaudela horrelako erantzukizun handi bat zure gain hartzeko eta gogoratu, beti, beti, aurreneko aukera adoptatzea dela", idatzi du aktoreak.

Antzekoak, ez berdinak

'Game of Thrones' telesailean azaltzen diren 'otsoak' fikzioan ere ez dira egiazkoak. Telesaileko argotean 'warg wolf' izena ematen zaien animalia horiek desagertutako arraza bat irudikatu nahi dute, 'Canis dirus' otso erraldoia. 90.000 urtez otso arruntarekin partekatu zuen espazioa, eta azkenean txikienak egin zuen aurrera, handienaren kaltetan.

Stark familiako umeek jaso zituzten animaliak irudikatzeko, hasiera batean Northern Inuit arrazako txakurrak erabili zituzten. Azken denboraldietan lortu duten tamaina ikusita, ez da zaila asmatzea nondik atera diren hasierako txakurkume maitagarri haien bertsio helduak...

Northern Inuit arraza berria da, eta izen hori daraman elkarteaz harago ez du errekonozimendu ofizialik. Artzain alemana, husky siberiarra eta Alaskako malamutearen arteko nahasketa da, eta iragan mendeko 80ko hamarkadan sortu zuten Erresuma Batuan, otso itxurako etxeko txakur bat lortu nahirik. Gaur egun ere, Estatu Batuetan dauden hiru kenduta, Erresuma Batuan daude hazle denak. Arraza horretako txakurrak gobernatzea ez denez erraza, ez dira gehiegi hedatu.

Hortaz, telesailaren fan amorratuek ordezko bat behar eta husky siberriara aukeratu zuten, antzekoena zelakoan. Eta hala da, dauden husky arraza guztietatik siberiarra baita otsoaren antz handiena duena. Gehiegitan, ordea, jabea bihurtzen da otso, batez ere husky nekaezinak erakusten duenean ez dela bazter batean etzanda lasai gelditzen den horietakoa. Eta gertatzen da, finean, PETAk eta Peter Dinklagek, elkarrekin sinatu duten komunikatuaren bitartez, ekidin nahi dutena.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos