Euskarazko komunikabideek «publizitate euskarri gisa duten balioa» aldarrikatuko dute Tokikom sarietan

Hiruka Astekariak (Uribe-Kosta, Bizkaia) irabazi zuen iazko azal onenari saria

Irailaren 22rarte bidali daitezke euskarazko toki komunikabideetan argitaratutako kazetaritza lan eta euskarazko edozein hedabidetan plazaratutako publizitate kanpainak

DVDonostia

Tokikom sarien bigarren ediziorako lanak aurkezteko epea irailaren 22an bukatuko da. Euskarazko toki komunikabideetan argitaratutako kazetaritza lanek eta euskarazko edozein hedabidetan plazaratutako publizitate kanpainek har dezakete parte, Tokikom Toki Komunikabideen Bateraguneak jakinarazi duenez.

Iazko deialdia toki komunikabideek ekoizten duten edukia gizarteratu eta goraipatzeko asmoz antolatu zuen Tokikomek. Aurten, helburu horri heltzeaz gain, "euskarak berak zein euskarazko komunikabide sareak publizitate euskarri gisa duten balioa" ere aldarrikatu nahi du lehiaketak, eta, hori dela eta, publizitate sari bat ere gehitu dute deialdira. Bertan parte har dezakete euskarazko edozein hedabidetan argitaratutako euskara hutsezko iragarki zein kanpainek.

Guztira, beraz, lau sari banatuko ditu Tokikomek urriaren 27an Usurbilen, Sutegi aretoan antolatzen ari den ekitaldian: alde batetik, azken urtebetean toki komunikabideetan argitaratutako azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena, eta, bestetik, azken urtean euskarazko edozein hedabidetan argitaratutako euskarazko publizitate kanpainarik onena.

Lanak aurkezteko epea irailaren 22ra arte zabalik dago. Proposamenak edonork egin ditzake, aurkeztutako lanen egilea izan edo ez. Sariketaren oinarriak Tokikomen webgunean daude irakurgai, eta aurkezpena bera ere webgunetik bertatik egin behar da.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos