Toki berezia izan dute gazteenek aurtengo Encounterren

Auto elektrikoak muntatzen ikasteko aukera izan dute egunotan.
Auto elektrikoak muntatzen ikasteko aukera izan dute egunotan.

Haiei zuzendutako prestakuntzarako guneak, hitzaldi eta tailerrak sustatu dira amaitzear den 25. edizioan

Azken orduetan sartzen ari den Euskal Encounterrek berariazko tartea eskaini die 25. urteurrenean haur eta gaztetxoei, haiei zuzendutako prestakuntzarako guneak, hitzaldi eta tailerrak sustatu baititu "partyak historikoki izan duen ikaskuntza-kolaboratiboaren aldeko apustuaren ildotik".

Hala, aurten Barakaldoko BECen 15.000 metro koadro gehiago dituela baliatuz, espazio berrietan droneen eta kotxe elektrikoen zirkuituak kokatu dira -aurtengo berrikuntza deigarrienetarikoak- baita horien inguruko prestakuntza-jarduerak ere. Horrez gain, prestakuntza-eskaintzak arlo ezberdinetako ikastaro eta tailerrak hartzen ditu: robotika, programazioa, zibersegurtasuna, online marketina eta errealitate areagotua, dozenaka jardueren artean.

Prestakuntza-aukeren artean nabarmentzekoa da sei urtetik gorako umeek auto elektrikoak eraikitzen ikasteko heziketa-proiektua. Estatuan aurkeztu berri den proiektu honek gaitasun teknikoak, lidergoa eta talde-lana uztartzen ditu, eta Bilbon egoitza duen Kid's Kitcar-Greenpower Iberia elkarteak antolatzen du. Jarduera honetan, 120 umez osatutako hamaika taldek kotxeak diseinatzen, eraikitzen eta gidatzen ikasi dute astelehen honetan egingo den auto-lasterketan lehiatzeko. Euskadi, Asturias, Madrid eta Kataluniako hainbat ikastetxek interesa azaldu dute proiektuan dagoeneko.

Proiektu berritzailea

Britainian sortutako Greenpower ereduan oinarrituta dago proiektua, ikaskuntza-sistema horrek gero eta arrakasta gehiago baitu nazioartean. Kid's Kitcar-Greenpower Iberia elkarteak sustatuko ekimenak Bizkaiko Industria Ingeniarien Elkargoaren, Innobasquen, Ingeniaritza Proiektuen Espainiako Elkartearen eta Institution of Mechanical Engenieers erakundearen babesa du, baita hainbat enpresena ere.

Elkarteko presidente Primitivo Carranza ingeniariak jakinarazi duenez, proiektuak xede du "ekosistema berezia" sortzea, haur eta gaztetxoengan interesa pizteko zientziaren, teknologiaren, ingeniaritzaren, diseinuaren, programazioaren eta matematiken arloetan. Era berean, parte-hartzaileek "egiten ikas dezaten" nahi dute, eta haiengandik sor dadila euren proiektua aurrera ateratzeko behar duten ezagutza lortzeko interesa. Gainera, ingelesa eta giza-balioak ere ikasten dituzte; besteak beste, "taldean lan egitea, komunikazioa, kudeaketa-gaitasunak, sormena, pentsamendu kritikoa eta frustrazioarekiko tolerantzia".

Euskaltel Konektak antolatutako eta Euskaltelek eta Eusko Jaurlaritzak (SPRIren bitartez) babestutako informatika-topaketaren eskaintza haratago doa. Camp Tecnológico enpresak, esaterako, 9 urtetik aurrerako haurrentzako tailerrak eskaintzen ditu, doan; horrela, modu dibertigarrian ikasten dute ikasleei zuzendutako Microbit mikro-konputagailua erabiltzen, edota domotikako erremintak baliatzen. Horrez gain, bideo-jokoak eta led argiak programatzen ere ikasiko dute.

Bestalde, hitzaldien gunean SPRIk antolatutako prestakuntza-saioetarako espazioa dago. Bertan, eskarmentua dutenentzako tailerrak eskaintzen ari dira, baita hasiberrientzat ere. Software libreaz, Wordpressek eskaintzen dituen aukerez, aplikazioak sortzeko jarraibideez edota smartphonekin bideoak editatzeko aukerez ikas dezake interesa duen orok.

Gustu guztietarako gaiak lantzen ari dira egunotan: argazkilaritza, programazioa, robotika, droneak fabrikatu eta gidatzea, errealitate areagotuak eskaintzen dituen interakzio modu berriak eta abar luze bat. Publikoari irekitako zonan, Opengunen, eskaintzen den formakuntza guztia doakoa da.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos