Sanferminetarako bilduma, «kautelazko neurriei aurre eginez»

Sanferminetarako prestatu dituzten diseinuak. / Katuki Saguyaki

Katuki Saguyakiren bildumak Mikel Urmenetak iraganean Kukuxumusutik kanpo utzi, saldu edota oparitu zituen marrazkiak izango ditu

M. IMAZ

Hedabideetan eta epaitegietan urte osoan dabiltza elkarri mokoka Kukuxumusu eta Katuki Saguyaki markak, baina sanferminak dira haien arteko lehiaren eremu nagusietako bat, eta aurten ere islatuko da hori, biek ala biek sortu baitituzte diseinu berriak munduko erakusleiho nagusietako bat den festarako.

Mikel Urmeneta, Txema Sanz, Belatz, Asisko edota Marko marrazkilarien lanak bideratzen dituen markak, ohar baten bidez adierazi duenez, "kautelazko neurriei aurre eginez" prestatu behar izan du "injustiziaz baldintzatutako" bilduma.

Epaitegiak jarritako baldintzak ez urratzeko, garai batean Mikel Urmenetak Kukuxumusutik kanpo utzi, saldu edota oparitu zituen egile marrazkiak izango ditu bildumak. Azpimarratu dutenez, "Urmenetaren pertsonaien irudikapen hauek obra berriak dira, eta inolaz ere transformazio edo eraldaketak".

"Tamalgarria da obra zaharretara jo behar izatea zure artista libre izaera frogatu eta aldi berean injustua dakusagun eta baliogabetzea espero dugun epaia errespetatzeko", adierazi du Urmenetak.

Katuki Saguyakik Estafeta kalearen 34.ean du denda eta, aurreratu dutenez, "puntu dinamiko ibat izango da, bertatik ikus-entzunezko programa txikiak igorriko dira eta pieza artistikoak zein performanceak ere sortuko dira. Aldi berean, Mikel Urmenetaren bideoblog bat izango da DON aldizkari digitalaren barnean". Bestalde, uztailaren 10ean goizeko 12:30tan Europa jatetxean, Katuki Saguyakik aurten oraindik misterioa den 'Urteko Guiria 2017' izendapena egingo du.

Festa giroko kontuak alde batera utzita, Katuki Saguyakik aurreratu du ekintza legalak gauzatzeko eskubidea gordetzen duela, RTVE eta Kukuxumusuren aurka egin ahal izateko "egile eskubideen urraketagatik".

Fotos

Vídeos