GIBaren autotestaren inguruko prestakuntza jasoko dute farmazialariek

Proba egiteko eman behar diren pausoak oso ondo azalduta daude erabilera-orrian, baina beti da eskertzekoa profesional baten laguntza./LUSA
Proba egiteko eman behar diren pausoak oso ondo azalduta daude erabilera-orrian, baina beti da eskertzekoa profesional baten laguntza. / LUSA

Autotesta egiteko erabakia hartzen dutenei behar duten informazio guztia emateko eta positibo emanez gero jarraitu beharreko urratsak azaltzeko jarraibideak jasoko dituzte

Osakidetzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako farmazialarien elkargoek GIBaren autotestaren inguruko prestakuntza emango diete hiru herrialdeotako farmaziako profesionalei. Datozen egunotan bilerak egingo dira hiru elkargoetan, Hiesa eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planeko eta farmazialarien elkargoetako adituek zuzenduta, autotesta egiteko erabakia hartzen dutenei behar duten informazio guztia emateko eta positibo emanez gero jarraitu beharreko urratsak azaltzeko.

Horrela, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) farmaziek "berriz batu dituzte indarrak osasun laguntza segurua eta kalitatezkoa emateko, oraingoan GIBaren diagnostiko goiztiarraren esparruan", erakundeotako iturriek nabarmendu dutenez.

Prestakuntza saioetan oinarrizko gaiak aztertuko dira, besteak beste, autotestaren ezaugarriak, nola erabili, GIBaren egungo egoera eta proba hori ezartzeko izan diren arrazoiak. Proba etxean bertan egin daiteke, eta azken urteetan EAEko farmazietan, osasun zentroetan eta GKEetan egiten denaren osagarria da. Emaitzak "adierazgarriak" direla azpimarraru dute.

Era berean, Osasun Sailak eta farmazialarien elkargoek autotesta erosten dutenentzako prestatu duten informazio txartela aurkeztuko da saioetan. Txartel horretan agertzen dira emaitza positiboa bada emaitza hori egiaztatzeko erreferentzia zentroak, Hiesari buruzko informazioa eskatzeko telefono zenbakia eta GIBarekin bizi diren pertsonei laguntzen aritzen diren eta prebentzio lana egiten duten GKEen beste hainbat telefono zenbaki.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos