Borrar
Farmako-indikazio ofizial gutxi aurkitzen da haurrentzat.
Haurrak ez dira miniaturazko helduak

Haurrak ez dira miniaturazko helduak

Haurrei farmakoak modu seguruan emateko zegoen informazioa zabaldu du UPV/EHUko ikerketa batek

El Diario Vasco

Viernes, 19 de agosto 2016, 11:07

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Farmakologia klinikoak duen arazo handienetako bat da informazio gutxi duela haurrei farmakoak emateko dosifikazioari, eraginkortasunari eta segurtasunari buruz. Haurrekin saiakuntza kliniko gutxi egiten denez bereziki arrazoi etiko eta ekonomikoak medio, farmako-indikazio ofizial gutxi aurkitzen da haurrentzat, horrek haien zainketan dituen ondorioekin.

Gehiegi landu gabeko alor horretan urrats bat egin du María Encarnación Blanco Arana UPV/EHUko Kimika Analitikoko Saileko ikertzaileak. Adin desberdinetako haurrei farmakoak ematean haien gorputzeko fluido eta ehunetan farmakoek izaten dituzten prozesuak aztertu ditu , eta, hala, haurrek farmakoekiko duten erantzunari buruzko informazioa zabaltzea lortu du. Zehazki, haurren metabolismoan dauden aldeei eta fentanilo morfinaren ordez ematen da farmakoaren neonatologiako dosifikazioari buruzko informazioa zabaltzen dute azterketaren emaitzek, eta horrek, UPV/EHUk ohar baten bidez nabarmendu duen bezala, «aurrerapen handia eragiten du farmakoak era seguru eta eraginkorrago batean emateko».

Blancok dionez, kasu horietan, «helduen administrazioaren arabera ematen zaie farmakoa haurrei, alegia, dosia gorputzaren pisuaren edo bolumenaren arabera doituz. Baina hori arriskutsua izan daiteke, haurrak miniaturazko helduak direlako hipotesian oinarritzen baita. Eta hori ez da egia; izan ere, bizitzaren lehen etapetan, haurrek heltzeko eta organoak garatzeko prozesu jarraitu bat izaten dute, eta baliteke jaioberri batek farmako baten aurrean duen erantzuna ez izatea haur handiago batek edo heldu batek izan dezakeen berbera».

Farmakoak eta haurrak

UPV/EHUko ikertzaileak mota desberdinetako ikerketak erabili ditu haur-populazioak farmakoen aurrean duen erantzunaren inguruan dagoen informazioa zabaltzeko. Alegia, gorputzak absortzio-, banaketa-, metabolismo- eta ezabatze-prozesuen bidez farmakoari eragiten dizkion aldaketak aztertu ditu. Ikerketaren zati bat txerrikume jaioberriekin egin da, hainbat ikerketak frogatu baitute txerrikume jaioberrien metabolismoa giza jaioberrienaren oso antzekoa dela.

Batetik, ikerketa farmakozinetikoa egin da: fentaniloa eman zaien txerrikumeen odol-laginak aztertu dira, denbora-tarte desberdinetan, farmakoa eman zaionetik erabat ezabatzen duten arte fentaniloa morfinaren ordezko farmakoa da, morfina baino ahaltsuagoa eta, beraz, dosi txikiagoan eman beharrekoa. Horretarako, «lagin-kantitate txikiak behar dituen metodo analitiko bat garatu dugu, farmakoaren kontzentrazio txikiak detektatzeko gai dena azaldu du Blancok, masa-espektrometriako detektagailu bati akoplatutako likido-kromatografia bidezkoa (HPLC-MS)». Ikerketa honi esker, «esperimentalki egiaztatu dugu pisuan oinarrituz erabiltzen diren farmako horren dosiak bat datozela haurren metabolismoan benetan gertatzen denarekin», erantsi du. «Ikerketa honetan lortutako emaitzek zabaldu egiten dute farmako horren neonatologiako dosifikazioari buruz dagoen informazioa, eta aurrerapauso bat da administrazio seguru eta eraginkorrago baterantz», erantsi du ikertzaileak.

Bestalde, metabolomika erabili du adin desberdinetako neska-mutilen artean dauden aldeak eta etapa bakoitzean dauden desberdintasunak aztertzeko. «Egiaztatu ahal izan dugu plasma-analisi baten eta lortutako profilaren aldagai anitzeko analisi baten bidez bereizi egin daitezkeela 5 egunetik beherako txerrikumeak eta 8 astetik beherakoak. Era berean, aldeak hauteman ditugu urtebetetik beherako neska-mutilen gernuan, haien adinaren arabera. Beraz, hurrengo pausoa litzateke detektatzea zer markatzailek adierazten dituzten adinarekin eta heltze-mailarekin lotutako aldeak, farmakoen dosifikazioa hobetzeko erabili ahal izateko», adierazi du Blancok.

Ikertzaileak azaldu duenez, «konposatu horiek modu bideratu batean analizatzeko beste azterketa batzuetarako ateak irekitzen dituzte emaitza horiek guztiek, betiere pediatriako farmako-dosifikazioak hobetzeko helburuari jarraikiz». María Encarnación Blanco Arana Kimikan lizentziaduna da, eta Pharmacokinetics and metabolomics in paediatric studies izeneko doktore-tesia amaitu du UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoko Sailean, Rosa María Alonso Rojas katedradunaren eta Oskar González Mendia irakaslearen zuzendaritzapean (biak ere Kimika Analitikoa Sailekoak). Azterketa farmakozinetiko eta metabolomikoak UPV/EHUko Medikuntza Fakultateko Farmakozinetika eta Farmakodinamika Aplikatua taldearekin, Gurutzeta Unibertsitate Ospitaleko Jaioberrien Fisiologiako Unitate Esperimentalarekin eta Istituto di Ricerca Pediatrica Città della Speranza de Padova (Italia) institutuarekin lankidetzan egin dituzte.

Argazki-oina: Gaur egun, (Amanda Mills, USCDCP).

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios