Rosie ez da iraganeko kontua

Parte-hartzaile gehienek Rosieren janzkera eta keinua imitatu zituzten.
Parte-hartzaile gehienek Rosieren janzkera eta keinua imitatu zituzten. / JOHN G. MABANGLO/EFE

Emakumeen ahalduntzearen ikono gazi-gozo bilakatu den Rosie Errematxatzailaren inguruan, hura bezala jantzita, adin guztietako emakumeak bildu dira AEBetan, giharra erakustea oso beharrezkoa delakoan

M. IMAZ

Rosie the Riveter, Rosie Errematxatzailea, ez zen sekula existitu. Azaldu izan dira han eta hemen Rosie beraiengan inspiratuta zegoela aldarrikatu duten emakumeak, baina ilea zapi gorri tantodunean bilduta eta ukondoa indarra eta kemena adierazteko moduan tolestuta duen neska ez zen existitu. Hobe esanda, hura bezalakoak milaka existitu ziren Estatu Batuetan eta beste herrialde askotan II. Mundu Gerrako urteetan, baina Rosie zehatz hori, karteleko Rosie, hasiera batean izenik ere ez zeukan emakumea, Westinghouse Electric Corporation konpainiako enplegatu batek sortu zuen, J. Howard Millerrek (1918-2004), enpresak aginduta, 1942 inguruan. Kartelaren helburua ez zen emakumeak gonbidatzea gerrara joandako gizonezkoek hutsik utzitako lanpostuetara hurbiltzea, eta emakumeen eskubideak aldarrikatzea ere, baizik eta ordurako Westinghousen lanean zebiltzan emakumeak gogorrago lan egitera gonbidatzea.

Egia esan behar bada, besterik gabeko arreta egin zitzaion kartelari, ez zen batere nabarmendu. Barne-erabilera izan zuen pare bat astez 1943an, eta gero ahaztu egin zen, harik eta iragan mendeko 80ko hamarkadan berreskuratu zen, karteleko protagonistari jarri zitzaion emakume haien balentriak nabarmentzen zituen 'Rosie the Riveter' abestitik hartutako izena, eta emakumeen ahalduntzearen eta feminismoaren ikono bilakatu ziren irudia zein 'We Can Do It' (egin dezakegu) eslogana.

Adin guztietako emakumeak elkartu ziren Richmonden Rosieren inguruan. / JOHN G. MABANGLO/EFE

Edonola ere, gaur egun kartelik ezagunenetakoa, hedatuenetakoa eta erabilienetakoa da, nahiz eta hori erabiltzean maiz ahazten den zein baldintzetan lan egin zuten emakume haiek, eta zer gertatu zen gizonezkoak, gerran ibilitako beteranoak alegia, etxera itzuli zirenean. Emakumeak etxera bidali zituzten, etxekoandre lanetara, gizonezkoentzat gordetzen aritu ziren 'egiazko' lan ordainduak gizonezkoei itzuli ahal izateko. Hori guztia kontatzen dute 48 lekukok 48 film laburretan The Real Rosie the Riveter Project ekimen guztiz argigarrian. Hor ikus eta ikas daiteke emakumeek 300.000 hegazkin eta 6 milioi tona bonba egin zituztela, oso prezio onean egin ere, gizonezkoen erdia baino pixka bat gehiago kontratzen baitzuten...

Rosie Errematxatzailea, hala ere, sortu zeneko baldintzetatik askatu eta muga horiek gainditu dituen sinbolo bilakatu da. Orain urtebete, 2016ko abuztuaren 13an, 2.229 emakume jantzi ziren Rosie bezalaxe Richmondeko (Kalifornia) Rosie the Riveter izena duen II. Mundu Gerrari buruzko Parke Nazionalean, eta Guinness liburuan dagoen errekorra finkatu zuten.

Aurten erdia-edo elkartu dira, errekorrari eusteko edo hori txikitzeko asmorik gabe. Aurtengo asmoa izan da, parte-hartzaile askok azaldu dutenez, kartelak erakusten dion mezuari eustea, eta erakustea emakumeek ahal dutela. Erakuskea, adibidez, Donald Trump presidenteari edo barne-dokumentu batean emakumeak gizonezkoak bezain trebeak ez direla idatzi zuen Google-eko ingeniariari (dokumentu osoa, hemen). Googlek kanporatu du txostenaren egilea, baina sortutako zalaparta ez da baretu, Richmonden elkartu ziren adin guztietako Rosiengana ere heldu delarik.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos