Presbiziari kaso ez egiteak ondoeza eragin dezake

'Gertutik ikusteko' betaurreko hauek baino soluzio dotoreagoak daude gaur egun arazo horri aurre egiteko. /DV
'Gertutik ikusteko' betaurreko hauek baino soluzio dotoreagoak daude gaur egun arazo horri aurre egiteko. / DV

45 urtetik gorakoen %67k ikusmen arazoak dituzte, eta gehienek asko itxaroten dute espezialistarengana joan aurretik

M. IMAZ

Beso luzeagoak faltan ematen dituzunean hasten zara presbiziaren eragina nozitzen. Presbizia da, hain zuzen, gertu dauden gauzak argi eta ondo fokatuta ikusteko gaitasuna galtzea. Adinarekin batera iritsi ohi den ajea da. Egunkaria gero eta urrunago eraman behar da letra txikiak ikusteko; produktuen etiketetako letratxo ñimiñoak ikusteko, zeresanik ez… Apurka-apurka, gero eta urrunago eraman behar dira gauzak, behar bezala fokatu ahal izateko. Eta, une batetik aurrera, besoek ahalbidetzen duten urruntzea ere ez da nahikoa irudi lausoa argitzeko...

Adinaren eraginez, alegia, kristalinoak elastikotasuna galtzen du, eta gero eta zailagoa gertatzen zaio hurbileko objektuak behar bezala fokatzea. Ikusmen nekatua ere deitzen den horrek ez du barkatzen. Begiaren bilakaera naturalaren ondorioetako bat da, ez dago prebentzio posiblerik, eta ikusmenaren zorroztasuna berreskuratzeko ezinbestekoak dira betaurreko egokiak edo beste tratamendu batzuk (kirurgia, ukipen-edo begi barruko lenteak…).

'Libro Blanco de la Visión en España' txostenaren azken bertsioaren arabera, 45 urtetik gorakoen %67k egin behar diote aurre zailtasun horri, urtetan aurrera joan ahala kopuruak ere gora egiten duelarik. Hala ere, kaltetuei asko kostatzen zaie eguneroko bizitza dezente konplikatu dezakeen arazo hori zuzentzeko neurriak hartzea, nahiz eta besoak luzatzen jarraitzeak ondoeza eragin dezakeen; batik bat zefalea edo buruko minak, begietako nekea, azkura…

1959an Bernard Maitenaz ingeniari, optiko eta asmatzaile frantziarrak lente progresiboak sortu zituenetik, horiexek dira soluziorik ohikoena. Hala ere, Maitenazek sortutako Varilux markak emandako datuen arabera, lehen sintomak nabaritzen direnetik espezialistarengana joaten den arte denbora gehiegi igarotzen du jendeak.

Orokorrean, nahiz eta %84k uste duten ikusmena dela zentzumenik garrantzitsuena, arazoren bat igarri arte ez omen gara joaten espezialistarengana. Presbiziaren kasuan, gehiengoak hiru hilabete baino gehiago pasatzen ditu aurreneko zantzuan igarri eta ikusmenaren azterketa egitera animatu aurretik. Hori dela eta, erraz konpon daitekeen arazo baten ondorio deserosoak pairatzeaz gain, bestelako sintoma batzuk ere sufritzen omen dituzte, beharrik gabe. Beraz, prebentzioa ezinezkoa bada ere, 40 urtetik aurrera urtero azterketa egitea gomendatzen dute espezialistek, arazoa lehen baino lehen konponbidean jarri eta albo-efektuak ekiditeko.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos