Pertsona bakoitzak 26,9 kilo beira birziklatu zituen 2017an

Ostalaritzak merkatuan jartzen diren ez itzultzeko beirazko ontzien % 50 sortzen ditu. /FRAILE
Ostalaritzak merkatuan jartzen diren ez itzultzeko beirazko ontzien % 50 sortzen ditu. / FRAILE

Euskadik 58.811 tona hondakin birziklatu zituen beirazko ontzitan iaz; aurreko urtean baino % 1,4 gehiago

EAEko biztanleek 58.811 tona hondakin birziklatu zituzten beirazko ontzitan edukiontzi berdearen bitartez 2017an, hots, 2016an baino % 1,4 gehiago. Joan den ekitaldiko gaikako bilketaren emaitzek Euskadiko goranzko joera iraunkorra berresten dute. Izan ere, % 7 hazi da azken lau urteetan eta beirazko ontzien hondakin gehien birziklatzen duen estatuko bigarren eskualdea da. Gaur egun herritar bakoitzak 26,8 kilogramo hondakin birziklatzen ditu; bestela neurtuta, 102 ontzi.

Ecovidrio beirazko ontzien hondakinen birziklatzea kudeatzeaz eta ontziak biltzeaz arduratzen den erakundeak emandako datuen arabera, azken urte honetan beste 110 edukiontzi kokatu ditu, 10.446 edukiontzi izatera iritsi arte, eta iglu-formako 474 edukiontzi zahar ordeztu ditu. Horrela, Euskadi edukiontziko 210 biztanleko tasa izatera iritsi da, Europako altuenetako bat.

Datu horiek Vidralak Laudion (Araba) dituen instalazioetan egindako prentsaurrekoan aurkeztu dituzte. Han izan dira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriola, Ecovidrioren Eragiketetako zuzendari José Fuster eta Vidralako zuzendari nagusi Gorka Schmitt. Han nabarmendu dute, halaber, ostalaritzak merkatuan jartzen diren ez itzultzeko beirazko ontzien % 50 sortzen ditu eta, horrenbestez, "sektorearen ekarpena hil edo bizikoa dela Euskadin ekonomia zirkularraren printzipio sendoak ezartzeko". Gaur egun ostalaritzarako atez ateko lau bilketa-zerbitzu funtzionatzen ari dira Euskadin —700 establezimendu baino gehiago daude atxikita—: Vitoria-Gasteiz, Bilbao, San Marko Mankomunitatea (Donostia, Hernani, Pasaia, Errenteria) eta Txingudiko Zerbitzu Mankomunitatea (Irun, Hondarribia).

9.600 kentzearen pare

Azaldu dutenez, "beira birziklatzea funtsezko elementua da klima-aldaketaren aurkako borrokan". Hala, "edukiontzi berdeetan botatako beirazko ontziei esker, euskal herritarrek lortu dute 39.500 tona CO2 isurtzea saihestea —9.600 auto urtebetez zirkulaziotik kentzearen baliokide—, 130.700 MWh energia aurreztea —Bilbao 3 hilabete baino denbora luzeagoan argiztatzeko beste— eta naturatik 70.600 tona lehengai erauztea saihestea —Eiffel dorrearen pisua halako 7—".

Arriola sailburuak nabarmendu du birziklatzeak eraginkortasunez laguntzen duela gure bizimoduak natura-ingurunean sortzen dituen inpaktuak ahalik eta gehien murrizten. "Lehenik, etxe-hondakin horien kontrolik gabeko isurketak sortzen duen lurzoru, ur eta paisaien kutsadura iraunkorra saihesten du. Eta, gainera, birziklatzean berriz ere lehengai bihurtzen ditugu eta, hartara, baliabide berrien erauzketa murrizten dugu, baita garraioan eta energian egin beharreko gastua ere".

Bestalde, Ecovidrioren Eragiketetako zuzendari José Fusterrek nabarmendu duenez, "aurten bi hamarkada betetzen ditu Euskadin egungo birziklatze-sistemak, hasiera-hasieratik zona birziklatzaileenen sailkapenean leku pribilegiatua izan duenak, gehien birziklatzen duten Europako herrialdeen oso antzeko mailetan beti". "Jasangarritasuneranzko bide horretan —gehitu du— funtsezkoa izan da Eusko Jaurlaritzaren eta lurralde osoko udalen konpromisoa. Emaitza horiek agerian jartzen dute edukiontziaren ereduaren eraginkortasuna eta hazkunde-ahalmena, beirazko ontzien hondakinen % 100eko birziklatze-tasa erdiets daitekeela pentsa baitaiteke."

Bi hamarkada horietan garatutako lankidetza publiko-pribatuan, eskualdean bildu diren ontzien hondakinen biztanleko kilogramo kopurua % 75 handitu da: 1998an pertsonako 15 kilogramo inguru bildu ziren eta gaur egun ia 27 kilogramo biltzen dira.

EAEko biztanleei % 91,4k adierazten dute etxean beti bereizten dituztela beirazko ontziak. Hondakinak edukiontzi berdean botatzeko keinuarekin hasten da beira birziklatzeko katea. 2017. urtean Euskadin 20 sentsibilizazio-ekimen baino gehiago jarri ziren abian, gazteei, haurrei eta gizarteari oro har zuzenduak, beira birziklatzeko ohitura indartzeko asmoz.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos