Oporretako batez besteko gastua, 320 euro egunean

Artxiboko argazkian, Benidormeko hondartza turistaz lepo
Artxiboko argazkian, Benidormeko hondartza turistaz lepo / REUTERS

Eurostatek zabaldu dituen datuen arabera, alde handiak daude herrialdeen artean, Espainiar estatuko biztanleak zerrendaren beheko postuetan daudelarik

M. IMAZ

Oporretara joateko modurik baduzu (INEren 'Encuesta de Condiciones de Vida'-ren arabera, Espainiar estatuko biztanleen %40k ez dauka modurik urtean astebete sikiera etxetik eta lanetik urruntzeko), zenbait gastatzen duzu egunean? Europar Batasuneko biztanleen batez bestekoarekin bat bazatoz, 320 euro gastatu beharko zenituzke, kontzeptu denak (bidaia, ostatua, otorduak...) barne hartuta. Eurostat estatistika zerbitzu europarrak zabaldu berri dituen datuen arabera, hori izan zen hain zuzen batez besteko eguneko gastua 2015 urtean.

Gehien gastatzen dutenak, jakina, herrialde aberatsenetako bat den Luxenburgo txikikoak dira. Horiek, oporretan dauden bitartean, 740 euro dituzte egunean gastatzeko. Esan beharra dago Europa osoko datuak eta norbanakoaren gastua osatzen duten kontzeptu guztiak batuta ere Luxenburgo dela pertsonako gastu altuena duen herrialdea. Ondoren datoz EBko kide ez direnez oporretan gastatzen dena biltzen duen zerrendan sartzen ez diren Norvegia eta Suitza.

EBko herrialdeetara eta oporretan egiten den batez besteko gastura itzulita, Luxenburgoren ondotik datoz Austria (610 euro pertsonako eta eguneko), Malta (590 euro), Belgika (564 euro) eta Irlanda (476 euro).

Beste muturrean Europa ekialdeko herrialdeak daude, EBra iristen azkenak izan direnak, eta Portugal. Letoniako eta Errumaniako biztanleak dira gutxien gastatzen dutenak, ez baitura 116 eurotik pasatzen (gehien gastatzen dutenek baino sei aldiz gutxiago...), eta behetik gorako sailapenean hurrengoak dira Txekiar Errepublika (125 euro), Hungaria (129 euro), Portugal (156 euro) eta Bulgaria (160 euro).

Muturreko errealitateak islatzen dituen zerrenda horretan, hurbilago dago Espainiar estatua behekoetatik goikoetatik baino. Espainiarrak, 221 eurorekin, ez dira batezbestekora iristen. Hala ere, 2015ean 33 euroan hobera egin zuen datuak, 2014koarekin alderatuz. Deigarria da, bestalde, estutasunetan ibilitakoak diren Europa hegoaldeko herrialdeetan sailkapeneko posturik okerrena duela Espainiak, Portugalen ondotik. Grezia aurretik du, 287 eurorekin, eta Italia urrutira joan da: 358 eurorekin, Frantziaren gainetik dago, frantziarrek 341 euro gastatzen baitituzte pertsonako eta eguneko oporretan. Alemaniari dagokionez, 427 eurokoa da eguneko gastua.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos