11.000 zuhaitz Lesakari arnasa hartzen laguntzeko

Duela bi urte Oinez Basoa Baztanen egin zutenekoa/Antolatzaileen webguneko irudia
Duela bi urte Oinez Basoa Baztanen egin zutenekoa / Antolatzaileen webguneko irudia

Oinez Basoa hitzarmena sinatu du Lesakako Udalak, Nafarroa Oinezen baitan antolatutakoa. Orain arteko handiena izango da

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

2015eko abenduan Frain inguruan suak kiskalitako herri lurreko 10 Hektareatan 11.000 zuhaitz landatzeko basoberritze-plana onartu zuen Lesakako Udalak uztailean eta horrela, bere ekarpena egin nahi dio orain dela zazpi urte Nafarroa Oinezen baitan antolatutako Oinez Basoa ekimenari eta urriaren 15ean ospatuko den Nafarroa Oinez-i. Hortaz, lesakar guztiena izango da Oinez Basoa.

Oinez Basoa hitzarmena Lesakako Herriko Etxean sinatu zuten Jose Luis Etxegarai alkateak Lesakako Udalaren izenean, Amaia Lasheras presidenteak Tantirumairu Ikastolaren izenean eta Mikel Asiainek, Nafarroako Ikastolen Elkartearen izenean.

Lesakako Udalak kudeatuko ditu Nafarroako Gobernuko Oihanberritzerako laguntzak izapidetzea Nafarroako Gobernuko 2017ko laguntzen deialdi publikoan. Kalkulatzen da 11.000 zuhaitz landatuko direla, orain arteko Oinez Basorik handienean, honako espezie honetakoak: bertako haritza, gerezi, lizarra, astigarra, urkia, Atlas zedroa eta pinus taeda. Udalak hartuko ditu bere gain bai landaketa, baita haren arrakasta ziurtatzeko mantentze-lanak, eta, Nafarroako Gobernuko deialdiko eskakizunak beteta gauzatuko ditu. Nahiz eta lur eta baso berriek Lesakako Udalarenak izaten jarraituko duten, Tantirumairu Ikastolak eta Ikastolen Elkarteak (NIE) basoa erabili ahal izango dute helburu didaktiko eta dibulgaziozkoekin, horretarako Oinez Basoaren Sarean sartuta.

Tantirumairu Ikastolak, Nafarroa Oinezen antolatzailea eta Oinez Basoaren sustatzailea den aldetik, Oinez Basoan ekarpen bat egiteko konpromisoa hartu du. Aurreikusten da aisialdirako, proiektuaren dibulgaziorako eta hezkuntza jardueretarako espazio bat izango dela. Edozein kasutan, Ikastolak aldez aurretik adostuko du Udalarekin egin beharreko esku-hartzea.

Zazpigarren aldiz

Tantirumairu Ikastolarena Nafarroa Oinezek sortuko duen zazpigarren basoa izanen da, 2010ean Oinez Basoa abian paratu zenetik. Oinez ospakizunak ingurumenean kalte ekologikoak eragiten zituela ikusita sortu zen. Izan ere, baliabide naturalak kontsumitu, hondakinak sortu eta berotegi efektuko gasak isurtzen baititu festak. Kalte ekologikoa orekatzeko asmoz, festa ospatzen zen tokian ingurumenarendako testigantza onuragarri bat uztea erabaki zen: naturgune autoktonoa birsortzea, euskararen eskutik sortuko zen basoa hain zuzen.

Erabaki hori hartu zenetik, sei baso ezberdin sortu ditu Oinez Basoak: mendebaldeko baso bat Arbizun, baso mediterraneo bat Tafallan, ibaiertzeko baso bat Tuteran, baso jangarria, hegazti basoa eta zabortegi eremua berreskuratzeko basoa Zangozan; bertako pagolizarra eta erramu portugaldarra dituen basoa Baztanen; eta, azkena, Viana eta Lodosako ikastolen eskutik, Andosillan eta Sartagudan egin dena. Denera, espezie ezberdineko 36.000 zuhaitz landatu dira dagoeneko Oinez Basoa ekimenaren baitan.

Baso horien landaketaren haritik ikasgeletan ingurumenaren zaintza eta errespetua bultzatzeko unitate didaktikoak sortu dira eta, UPNArekin elkarlanean, Oinez Basoaren ekarpenak aztertzeko ikerketa lana paratu da martxan, beste ekintza batzuen artean.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos