«Natura ez da garapen ekonomikorako gai-hornitzaile hutsa»

Baztertuak izan diren ezagutza tradizionalak ere hartu beharko lirateke kontuan. Argazkian, Rajastango artzain bat./
Baztertuak izan diren ezagutza tradizionalak ere hartu beharko lirateke kontuan. Argazkian, Rajastango artzain bat.

"Jendeari egiten dizkion ekarpenak" ere hartu beharko lirateke aintzat, nazioarteko ikerketa baten arabera, naturaren erabileraren eta kudeaketaren inguruko politika publikoak eta erabakiak zedarritzeko orduan

Naturak jendeari egiten dizkion ekarpen guztiak ebaluatu eta erabili behar dira naturaren erabileraren eta kudeaketaren inguruko politika publikoak eta erabakiak zedarritzeko orduan, ez bakarrik materialak. Naturaren balio kultural eta soziala ere izan behar da kontuan, hain zuzen, mota horretako erabakiak hartzerakoan. Ikuspegi berritzaile hori Nazio Batuetako Biodibertsitatearen eta Ekosistema Zerbitzuen inguruko gobernu arteko IPBES plataformako kide diren hogeita hamar mundu-adituk aurkeztu dute. Unai Pascual BC3ko (Basque Centre for Climate Change) Ikerbasque ikertzailearen eta Sandra Díaz Argentinako Ikerketa Zientifiko eta Teknikoen Kontseilu Nazionaleko ikertzailearen zuzendaritzapean diharduen plataformak burutu duen ikerketaren emaitzak 'Science' aldizkarian argitaratu da.

Izan ere, naturak jendeari eskaintzen dizkion onura baliotsu eta ikusgarrienak elikagaiak, ura eta airea direnez, natura bereziki oinarrizko produktu edo zerbitzuen iturri da, baita lehengaiena ere; 'ekosistema-zerbitzu' deitzen zaie zehazki produktu edo zerbitzu horiei.

Milurtekoko Ekosistemak Ebaluatzeko 2005eko programa historikoak argitara emandako 'ekosistema-zerbitzuen' ikuspegitik egindako ikerketek aurrera egin dute iraunkortasunaren arloan, baina baztertu egin dituzte erabat gizarte-zientzietako eta humanitateetako ezagutzak eta tresnak, bai eta munduko beste ikuspegi garrantzitsu asko ere, indigenen ikuspegiak esate baterako. Unai Pascualek eta Sandra Díazek argitaratutako lanean iradokitzen den ikuspegi berria zabalagoa da, eta "naturak jendeari egiten dizkion ekarpenak" kontzeptua du ardatz. "Ikuspegi horrek arreta berezia jartzen dio pertsonen eta naturaren arteko lotura guztietan kulturak duen garrantziari, eta aintzat hartzen ditu beste ezagutza-sistema batzuk, hala nola ezagutza tradizionala, mendeetan zehar eboluzionatuz joan dena; halakoa da, besteak beste, tokiko komunitateen eta herri indigenen ezagutza; izan ere, aldi berean, komunitate horiek planetako biodibertsitatea kontserbatzen dute neurri handi batean", azaldu du Unai Pascualek.

Ekarpen inmateriala

"Naturak jendeari egiten dizkion ekarpenak funtsezkoak dira guztiontzat, bai herrialde garatuetan bai garabidean daudenetan. Naturak bermatu egiten ditu pertsona ororen ongizatea eta beharrak, osasun eta zoriontasunetik hasita, goraldiraino eta elikagaien eta energiaren segurtasuneraino. Jendeak hobeto jakin behar du zein diren naturak egiten dituen ekarpenak, ekonomiarako lehengaien merkatuek eman ditzaketen datuez harago, naturaren babesa eta erabilera iraunkorra hobeto bermatu ahal izateko", adierazi du Pascualek.

"Elikagaiak dira horren adibide garbia", adierazi du BC3n lan egiten duen Ikerbasque ikertzaile seniorrak. Denok jasotzen ditugu elikagaiak naturatik, eta elikagaien segurtasuna beti sartzen da mundu osoko politika eta erabakietan, gako gisa; askotan osasunaren arabera neurtuz (kaloriak, nutrienteak eta abar), prozesu biologikoen arabera neurtuz edota haien balio ekonomikoaren arabera neurtuz. Baina badakigu janaria eta elikagaiak hori baino askoz gehiago direla. Gizarte askoren identitate kulturalaren, artearen eta gizakien oinarrizko gozamenaren erdigunean daude. Unai Pascualek aurkeztutako ikuspegi berriak naturaren halako ekarpen immaterialak izan nahi ditu kontuan, eta naturak egunero jendeari eragiten dizkion onuren ebaluazioetan sartu nahi ditu, naturarekin erlazionatzeko moduaren inguruan erabakiak hobeto hartzeko hala. "Elikaduraren adibidea naturaren esparru guztietara orokortu daiteke, adibidez, uraren ziklo naturaletan duen funtziora eta airera. Baso bat aisialdirako eta zuhaitzei begira egoteko toki bat baino gehiago da. Baso batek edo zuhaitz batek herri baten edo kultura baten identitatea har dezake bere barnean", azaldu du BC3ko Ikerbasque ikertzaileak. "Naturarekiko erlazio-balio horiek oinarrizkoak dira, baina gehienetan ikusezin bihurtzen dira onura material eta ekonomikoak jokoan daudenean", erantsi du.

Halaber, Unai Pascualek nabarmendu duenez, "mota guztietako politika publikoak formulatzeko ardura duen orok jakin behar du nahitaezkoa dela ezagutza zientifikoa eta ezagutza tradizional edo lokala erabiltzea naturarekiko eta, beraz, gu guztiokiko harreman osasuntsu, arduratsu eta iraunkorra lortzeko". "Gizarteak jakin behar du natura ez dela garapen ekonomikorako gai-hornitzaile hutsa", dio. "Natura —esan du Pascualek— ezinbesteko alderdia da egungo belaunaldien, joan diren belaunaldien edota oraindik iritsi ez direnen arteko erlazioetarako". Funtsezkoa da naturak jendeari egiten dizkion ekarpenak modu zabal batean ulertzea, historiarekin eta gure identitate kulturalarekin lotzen gaituen oinarrizko lotura ulertzeko. "Natura ez da objektu gisa ulertu behar, baizik eta gizakiaren eta gizartearen garapenaren berezko zer gisa", nabarmendu du Unai Pascualek.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos