Nola eraman gelara zehar konpetentzien irakaskuntza eta ebaluazioa?

Gonzalez Aguado,ezkerraldean, lankideekin Miramar Jauregian
Gonzalez Aguado,ezkerraldean, lankideekin Miramar Jauregian

Mª Elvira Gonzalez Aguado Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan izan da komunikazioaren eta hezkuntzaren arteko harremanaz hitz egiten

DVDonostia

Egungo gazteak hezteko erronka gero eta exijentzia handiagokoa dela eta, Mª Elvira Gonzalez Aguado Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan izan da komunikazioaren eta hezkuntzaren arteko harremanaz hitz egiten. "Testuinguru soziala konplexua eta aldakorra izanik, etengabe egokitu behar direlako gelako praktikak ikasleei ahalik eta hezkuntzarik onena emateko", adibidez.

Konpetentziak curriculum barruan sartzean hainbat arazo sortzen direla azaldu du. Konpetentziak curriculumean gehitzea ez da ulertu behar beste elementu osagarri bat balitz bezala; aldiz, hau hartu behar da kontuan: aldaketa kontzeptual eta metodologikoa konpetentzien eskutik dator. Izan ere, konpetentziak hartu behar ditugu, hain zuzen, curriculumaren erreferentzia gisa eta haien inguruan egituratu behar dira curriculumaren elementu guztiak.

Abiapuntuko hezkuntza-ikuspegiak ikasleen garapenaren dimentsio guztiak barne hartu behar ditu; hortaz, oinarrizko konpetentzia diziplinarrez gain, zeharkako konpetentziak ere garatzea oso garrantzitsua da. "Gainera, oinarrizko zeharkako konpetentziak arlo eta jakintzagaien berezko edukien ikaste-prozesuan soilik ikasi eta ebaluatu badaitezke ere, oinarrizko konpetentzia diziplinarrak garatzeko oinarrizko zeharkako konpetentzien bitartekaritza behar da".

Zeharkako konpetentzien ikuspegitik, honako hau dakar zientzia irakasteak:

Hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia

Hitz egitea eta idaztea ezinbestekoak dira edozein ekintza gauzatzeko. Adibidez, deskribatzea, azaltzea, argudiatzea edota justifikatzea oso ohikoak dira zientzia-klaseetan. Gainera, komunikazioa modu askotakoa da. Tradizionalki, ahozko testuak eta idazkiak lehenetsi ditugu geletan; alabaina, zientzian "oso garrantzitsua" da beste zenbait modu komunikatibo ezartzea hala nola keinuak eta seinaleak (hitzik gabeko lengoaia), marrazkiak, maketak, grafikoak, ekuazioak, taulak eta hiru dimentsiotako irudiak.

Komunikazioa lan zientifikoaren oso atal garrantzitsua da. Hala, "komunitate zientifikoan aurkikuntzak ez dira guztion ezagutza-ondasunaren parte bilakatzen, harik eta komunikatzen diren arte. Ondorioz, ikasgai horiek zientziari buruz irakurtzen, entzuten, hitz egiten eta idazten lagunduko diete ikasleei, baita diskurtsoa eraikitzeko berariazko modu bat erabiltzen ere. Argudioak ematea edota erlazioak argi eta garbi azaltzea izango da diskurtso horren xedea, eta ikasgai horiek ikasiz baino ez dute barneratuko diskurtso hori".

Zientzia-ikerketak askotariko testuak erabiltzen ditu; hala, testu deskribatzaile hutsak balia ditzake, edo argudiatzeko testuez baliatu daiteke, besteak beste.

Ikasleek gero eta eskuragarriago dituzte informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, eta horrek diziplina anitzeko talde elkarri lotuetan lan egiteko eta lankidetza-sareak sortzeko aukera ematen du.

Zientziarako konpetentzia behar bezala garatzeko, ezinbesteko dira, besteak beste, honako funtsezko trebetasun hauek lantzea: iturrien fidagarritasuna balioestea, gakoak zein zientziaren barneko sare-komunikazioen hartu-emanak baliatzen jakitea, iturri fidagarrietara jotzen jakitea eta adituengandik ezagutzak eskuratzea.

IET deritzon (Ikaskuntzaren eta Ezagutzaren Teknologiak) ingurunean garatuko da. Teknologia horien esparruan ikasteko, ikaskuntzak zuzentzera/orientatzera zein sarean ikastera bideratutako metodologiak behar dira, bai eta haurtzarotik landu beharreko trebetasun nagusiak ere. Ikasleek ingurune hori menderatu behar dute eta hura eraldatzen eta aberasten jakin.

Horrenbestez, zientzia arloan esperimentatzeko, elkarlanean aritzeko eta ikertzeko egitura birtualak proposatu behar dituzte ikastetxeek, Gonzalez Aguadoren aburuz. Ingurune digitalek, halaber, sorkuntza, asmakuntza eta irudimena errazten dituzte.

Ezin dugu ahaztu batzuetan berariazko programak eta zientzia-kontzeptuak eta -prozesuak ilustratzeko simulazio-programak aplikatu behar direla zientzia-ikasgaiak irakasteko, baita bistaratzeko programak ere, ikusizko informazioa aztertzeak funtsezko eginkizuna baitu zientzian.

Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia

Konpetentzia honek ezaugarri hauek dakartza berekin: batetik, "ikasteko eta pentsatzeko estrategia zorrotzak erabiltzea"; bestetik, "nor bere ikaste-prozesuaren kontzientea izatea"; eta azkenik, "ikaspena arrakastarekin bukatzeko oztopoak gainditzeko gai izatea". Hau da, ezagutza eta gaitasun berriak eskuratu, prozesatu eta bereganatu behar dira; gainera, orientazioak bilatu eta haiek erabiltzeko gauza izan behar da. Horrela, informazioa kodifikatzeko, erlazionatzeko, hierarkizatzeko, buruz ikasteko eta berreskuratzeko beharrezkoak diren gaitasunak bereganatzen dira; halaber, trebezia kognitiboak eta metakognitiboak estrategikoki erabiltzearekin eta lotuta dago konpetentzia hori (dakigunaren eta ez dakigunaren kontzientea izatea, denbora modu eraginkorrean erabiltzea, norberaren esfortzuaren arrakasta aurreikustea...).

Zientziak irakasteko eta ikasteko prozesuan eta zientzia-lan orori ekitean, ezinbestekoa da, aztergaia hautatu ondoren, ahalik eta informazio gehien biltzea, informazio hori ikuspegi kritiko, sistematiko eta gogoetatsuan balioestea –kontuan izan behar baita informazio kopuru handia dugula eskura gaur egun–, eta xedeko informazioa aukeratzea, antolatzea, aztertzea eta interpretatzea.

Elkarbizitzarako konpetentzia

Ikaskuntza errazten da jarduerak elkarlanean eginez, ikasleek aukera baitute, elkarlanaren bidez, beren iritziak gainerako ikasleenekin konparatzeko eta aberasteko, norberaren nahiz besteren ekarpenak ebaluatzen eta horiekin kritiko izaten ikasteko –eztabaida bera onuragarria dela jakin behar dute, komunikazioa bultzatu eta konponbideak aurkitzen laguntzen duen aldetik–, eta elkarrekin bizitzen ikasteko, kultura, sexu edo bestelako arrazoiengatik inor bereizi eta baztertu gabe.

Ikasle-talde batek modu kooperatiboan jarduteko arauak finkatzen ez dituen bitartean, nekez ikasiko dute talde horretako kide guztiek. Denbora behar da gelan elkarlanean aritzeko eta zientzia ikasteko arauak eraikitzen.

Zientzien edukiek eta metodoek hainbat ebidentzia ematen dituzte, eta lankidetza, zorroztasuna, malgutasuna, koherentzia eta zentzu kritikoa bultzatzen dute. Horiek guztiek ikaslea prestatzen dute etengabe aldatzen ari den gizartearen erronkei aurre egiteko, erabaki arduratsuak eta oinarrituak hartu beharrean izango baitira. Hori horrela, garrantzi pertsonal eta sozialeko gai zientifikoak landu ahala, konpetentzia zibikoa garatzen lagunduko dute zientzia-ikasgaiek, eta ikasleek aukera izango dute, ondorioz, gure gizarteak gai horien inguruan eztabaidatzen dituen tokiko eta munduko arazoen aurrean hartu beharreko erabaki arduratsuak hartzeko.

Ekimenerako eta espiritu ekintzailerako konpetentzia

Zientziek lantzen dituzten arazo-egoerak egokiak dira ikasleentzat, haien bidez helburuak proposa ditzaketelako, zientziaren ikuspegitik bidera daitezkeen proiektuak planifikatu eta gauza ditzaketelako, eta proposatutako zereginak eta planak betetzeko ekintzak egin ditzaketelako. Lan horiek guztiak egiteko, erabaki oinarrituak hartu behar dituzte, irizpide propioak baliatuta. Alde horretatik, hipotesia formulatu eta ondorioak atera bitarteko lanak dira: baliabideak aukeratzea, diseinu eta prozesu esperimentala zein gauzatu beharreko ekintzak planifikatzea, arazoak konpontzea, baliabideak kudeatzea, emaitzak etengabe berrikustea eta hobetzeko proposamenak egitea.

Proiektuen bidez egindako lana gune pribilegiatua da konpetentzia honen garapenari ekiteko.

Norbera izaten ikasteko konpetentzia

'Izaten ikasteko' konpetentzia auto-errealizaziorantz zuzenduta dago, eta auto-kontzeptua, auto-estima eta autonomiaren edo ahalduntzea garatzea barne hartzen ditu; hori guztia, noski, erabakiak modu pertsonalean hartzeko eta garatzeko gaitasunarekin lotuta dago. Autorregulatzen ikastea da izaten ikasteko bidea (lengoaia, ikaspen-prozesuak, motibazioa, emozioak eta abar.)

Hitzaldi honetan oinarrizko zeharkako konpetentziak garatzen dituzten zientzietako proiektuen, sekuentzien eta abarren adibideak argi eta garbi adieraziko dira. Bukatzeko, zeharkako konpetentzien ebaluazioari buruz hitz egingo da. Horretarako, konpetentzia bakoitzaren kasuan ontzat hartzen diren ebaluazio-adierazleak eta ebaluazio-irizpideak zehaztu beharko dira. Ebaluazio-irizpide horiek adierazten dituzte, hain zuzen, zer portaerak izan behar dituzten ikasleek ataza jakin batzuk garatzeko orduan.

Garatutako ikaspenak era integratuan eta koherentean mobilizatzeko gaitasuna erakusteko aukera eman behar dute ebaluazio-jarduerek.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos