Nerea Alonso EHUko ikasleak ohorezko aipamena jaso du nazioartean

Nerea Alonso zuzenbide ikaslea/
Nerea Alonso zuzenbide ikaslea

EHUko ikasleak Esloveniaren iritzia defendatu behar izan zuen Nazio Batuek Oxfordeko Unibertsitatean egindako simulazioan

DV

Nerea Alonsok diplomatikoa izan nahi du, eta Nazio Batuetan emakumeekin eta haurrekin zerikusia duten gaietan edota Europar Batasunean, Atzerri Ekintzako Zerbitzuan, lan egin nahi du. Horregatik, zuzenbideko 4. maila ikasten ari da egun Euskal Herriko Unibertsitatean, eta, prestakuntza teorikoa ez ezik, prestakuntza praktikoa ere jasotzen ari da. Etorkizun hurbilean, praktikak eta gradu amaierako lana ditu burutzeke Alonsok. Praktikak Clara Campoamor Elkartean eta Espainiak Estrasburgon duen Kontsuletxean egingo ditu. Gradu Amaierako Lanean, aldiz, feminizidioa nazioarteko delitutzat har dadin proposatuko du Nazioarteko Zigor Auzitegian, munduko emakume guztiek alegatu ahal izan dezaten. Orain, diplomatiko gisa lehen urratsak eman ditu Model of United Nations-en, hau da, ikasleentzako Nazio Batuen ereduan.

Nazio Batuen Eredua (MUN) mundu osoko ikasleek NBEren funtzionamendua eta munduko gaiak negoziatzeko prozesua modu sakonagoan ezagutzeko egiten duten simulazio bat da. Azken topaketa azaroaren 3an eta 5ean egin zen, Oxfordeko Unibertsitatean. Nerea Alonso Esloveniako gobernuaren ordezkari gisa joan zen eta Europako herrialde horren alde egin zuen defentsagatik, zein Brexitaren eta Klima Aldaketaren inguruan proposatu zituen akordioengatik, bere lantaldeak (25 lagunez osatutakoak) jaso zituen ohorezko bost aipamenetako bat lortu zuen.

"Itzultzean, Oxfordeko Unibertsitateko autobusean, whatsapp bat jaso nuen, eta lortutako ohorezko aipamenagatik zoriondu ninduten. Ez nekien zertaz ari ziren", adierazi du Nerea Alonsok.

Erronkak gaindituz

"Erronka handia izan da" hau Alonsorentzat, eta "beldur nintzen, ez bainuen esperientziarik –aitortu du–. Gainera, ikasle gehienak adituak ziren simulazioetan. Esperientziak eman dien arintasuna dute. Karrerako lehen urteaz geroztik (edo lehenago, batxilergoan), Europako hainbat unibertsitatetan egiten diren simulazioetakoren batean izanak dira asko. Gainera, pinekin, uniformeekin edo zapiekin identifikatzen diren ordezkaritzetako kideak dira. Babestuta daude. Ni bezala bakarrik zihoan beste pertsona bat baino ez dut ezagutu".

Bigarren erronka handia ezagutzen ez zuen eta Europan indar handirik ez duen herrialde txiki baten iritzia defendatzea izan zen. "Zaila izan zen. Nire burua asko aberastu behar izan nuen, eta denbora gutxi izan nuen prestatzeko. Albisteak bilatu nituen, eta Esloveniako gobernuaren webgune ofizialari eta presidentearen adierazpenei erreparatu nien. Paperean sartzea lortu nuen, eta herrialde horrek Brexitaren eta Klima Aldaketaren inguruko akordioei buruz zuen iritziari lotutako datuak bildu nituen".

Nerea Alonsok sakonean ezagutu zituen Esloveniako historia, kultura eta kanpo politika. Eta ezagutza horiek lagungarriak izan ziren Europako Kontseiluko eztabaidetan parte hartzeko erronka gainditzeko. Gainera, aholkuak eskatu zizkien bere oratoriako irakasle Esperanza Osabari eta UPV/EHUko Eztabaida Klubeko Ion Baratasi. “Oso prestatuta joan behar duzu eta ideiak eta zifrak oso garbi eduki behar dituzu erabili ahal izateko eta eztabaidetan bizkor eta arin erantzuteko, mintzaldiak 30 segundokoak baino ez baitira izaten (eta, kasurik onenean, minutu eta erdikoak). Beldur nintzen, baina jendaurrean hitz egiten hasi nintzenean, harrituta geratu nintzen eztabaidatzeko nuen gaitasunarekin. Esloveniaren iritzia barneratu nuen, Ionek gomendatu zidan bezala, eta horrek asko lagundu zidan".

Balantzea oso positiboa izan da, eta Alonso oso eroso sentitu da, eztabaidetan zein Oxfordeko egonaldian. “Nazionalitate askotako pertsonak ezagutu eta lagunak egin ditut: Indiakoak, Marokokoak, Txinakoak, Singapurrekoak eta abar. Beste ikuspuntu batzuk ikusi ditut, kulturartekotasun leku batean bizi izan naiz, eta balio komunak partekatu ditut oso kultura desberdinetako pertsonekin. Aurten, Genevako Unibertsitatean esperientzia errepikatzeko asmoa dut".

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos