Neandertalen garaiko egurrezko lanabesa aurkitu dute Barrikan

Neandertalen lanabesa/EFE
Neandertalen lanabesa / EFE

Aranbaltzako aztarnategian aurkitutako tresna hagin egurrez egindako 15 zentimetroko punta bat da, adituen arabera indusketarako zein lantza bezala erabili ahal izan zutena

Ezohiko aurkikuntza egin dute Barrikan, Bizkaian. Neandertalen garaiko egurrezko tresna bat topatu dute Aranbaltzako aztarnategian. Nahiz eta aurkikuntza duela hiru urte gertatu, orain eman du honen berri 'Plos One' Estatu Batuetako aldizkari zientifikoak. Bertan azaldutakoaren arabera, duela 90.000 urte gizaki neandertalek sortutako egurrezko pieza bat izango litzateke aurkikuntza. Ezohiko albistea da tresna egiteko erabili zuten materialagatik zein honen kontserbazio-egoera onagatik.

Europako neandertalen aztarnak Europako beste bost tokitan bakarrik aurkitu dituzte, Barrikakoa kasu adierazgarrien artean kokatuz. Aurkitutako lanabesa hagin egurrez egindako 15 zentimetroko punta bat da. Garaiko gizakiek indusketarako erabiltzea posible dela uste dute adituek, nahiz eta lantza bezala erabiltzea ere ez duten baztertu.

Aurkikuntza Giza Garapenaren Ikerketarako Zentro Nazionala (CENIEH), Institut National de Recherches Archeologiques Preventives (Frantzia), Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa, Burgosko Unibertsitatea eta Kantabriako Unibertsitateko adituek egin dute.

Joseba Rios-Garaizar CENIEHko arkeologo eta indusketen zuzendariak azaldu duenez, azken kanpainetan "aztarnategiaren indar estratigrafikoa egiaztatzeko" zundaketak egin zituztenean ustekabe atseginarekin tupust egin zuten. 90.000 urteko "lohi eta hondar aseetara" heldu ziren.

Arkeologoaren hitzetan, "egurrezko lanabesak aztarnategi zaharretan kontserbatzea oso-oso zaila da", azkar andeatu eta desagertzen den material organikoa delako. Zundaketetan, "industria litikoko" objektu ezberdinak agertu ziren, baina "baita ongi kontserbatutako egurrezko hondakinak ere", erabateko "salbuespena", Rios-Garaizarrek nabarmendu duenez.

"Ia ikusezina den teknologia da, eta oso gutxitan aztertzeko aukera izan dugu, pieza oso urriak direlako. Orain Aranbaltzako puntari esker neandertalak pixka bat gehiago ezagutuko ditugu", azpimarratu du Rios-Garaizarrek.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos