Kalitate-agiria lortu dute EHUk argitaratutako lau bildumak

UPV-EHUren argitalpenak biltzen zituen erakustokia iazko Durangoko Azokan. / MORQUECHO

Jon Zarate Euskara eta Etengabeko Prestakuntzako errektoreordeak eta Teresa Agirreazaldegi Argitalpen Zerbitzuaren zuzendariak jasoko dute ostegun honetan Madrilen

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Academic Publishing Quality (edizio akademikoaren kalitate ona) ziurtagiria jasoko du ostegunean, urriaren 5ean, ANECA erakundearen egoitzan, Madrilen. Ziurtagiriak lanen zientzia eta argitaratze kalitatea saritzen du, eta Jon Zarate Euskara eta Etengabeko Prestakuntzako errektoreordeak eta Teresa Agirreazaldegi Argitalpen Zerbitzuaren zuzendariak jasoko dute.

EHUk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, ziurtagiriaren lehenengo deialdian ebaluazioa gainditu duten bere lau bildumak hauek dira: 'Veleiako eranskinak', 'Documentos de Arqueología Medieval', 'Historia Garaikidea' eta 'Erdi Aroko eta Aro Berriko Historia'.

Bilduma horiek ziurtagiriak eskatzen dituzten kalitate oneko baldintzak bete dituzte, hau da, informazio kalitatea, argitaletxe politika, argitaratzeko prozesuak, erreputazioa eta ospea. Liburu sorta horiek hiru urtez gordeko dute aipamena eta, beraz, zientzia eta argitaratze kalitatearen aitorpena.

Europako ekimen aitzindari honek Espainiako Unibertsitate Argitaletxeen Batasunak bultzatzen du, eta Kalitate eta Akreditaziorako Espainiar Agentziak eta Zientzia eta Teknologiaren Espainiako Fundazioak bermatzen dute. Unibertsitate edizioen praktika onenak saritzeaz gain, ikur bereizgarria bihurtzea da zigiluaren helburua, ikerketa ebaluatzen diren agentziek eta komunitate akademikoak eta zientifikoak erraz ezagutzeko. Era berean, edizio akademikoan kalitatea bultzatu nahi du. Guztira, unibertsitate eta zientzia erakundeetako 29 bilduma publiko zein pribatuk eskuratu dute ziurtagiria.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos