EAEko interes handieneko 55 naturguneak sei bideotan jaso dituzte

Mendiei buruzko bideotik hartutako irudia.

Ingurumen Saila osatzen ari den sortako aurreneko hiru lanak eskuragarri daude dagoeneko

Natura 2000 Sarea 1992an sortu zuen Europar Batasunak zuzentarau baten bidez, non finkatzen zen naturaren babeserako gune bereziz osatutako sare bat. Etengabe aztertzen eta tarteka eguneratzen doan sare horren egiteko nagusia biodibertsitatearen galera ekiditea da. Horretarako, ezinbestekoa da basa-landare eta animaliei bizitzeko behar dituzten tokiak eta baldintzak bermatzea. Flora, fauna eta ekosistema babesteko hautatu diren toki horiek guztiek osatzen dute sarea.

Natura 2000 Sarea, hortaz, Europa zeharkatzen duen balio ekologiko altuko naturaguneen mapa modukoa ere bada. Babeserako eta kontserbaziorako eremu berezi horien bidez, habitat- eta espezie-mota jakin batzuen babesa bermatzen du, horien banaketa naturaleko arloetan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Natura 2000 Sarean 55 naturagune daude. 1.500 kilometro koadro inguruko azaleran banatzen dira, lurraldearen % 20,5ean. Gune horietan itsasoa, basoa, itsas padurak, hezeguneak, sega-belardiak, mendiko larreak eta beste sasitza batzuk, errekak, zohikaztegiak eta itsaslabarrak aurki daitezke.

Natura-ondare hori ezagutzera emateko, eta herritarrak "hura kontserbatzeko eta haren funtzionamendua hobetzeko ahalegin berezia egiteak duen garrantziaz" jabetu daitezen, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila Natura 2000 Sarean dauden Euskal Autonomia Erkidegoko 55 naturaguneen aniztasun eta aberastasun ekologikoa eta paisajistikoa sei bideotan jasotzen ari da.

Ohar baten bidez adierazi duenez, ekimenaren helburua da "kalitate handiko ikus-entzunezko baliabidea izatea, gure aberastasun ekologikoa zabaltzeko eta ikastetxeetan eta naturako interpretazio-zentroetako (Ekoetxeak eta Parketxeak) programazioan egiten diren ingurumeneko hezkuntza- eta sentsibilizazio-programetan erabiltzeko".

Aurrenekoak, eskuragarri

Lehen hiru bideoak, baso, estuario eta mendiei buruzkoak, dagoeneko amaituta daude eta edonorentzat daude eskuragarri. Une hauetan, saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza beste hiru bideoak grabatzen ari da; horietan, espazio litoralen, hezeguneen eta Euskadiko erreken irudiak batuko dira.

Basoei buruzko bideoak horiek eskaintzen dituzten zerbitzu ugariak nabarmentzen ditu: "egurra energia eta beroa izateko, etxebizitzetarako eta altzarietarako eraikuntza-materiala, elikagaiak, besteak beste, fruituak, perretxikoak eta ehiza. Paisaia erakargarriak eskaintzen dituzte eta kultura- eta aisia-balio ugari. Halaber, lurzoruen emankortasunerako garrantzitsuak dira, higadura saihesten dute eta uraren zikloa erregulatzen dute naturan eta, ondorioz, uhaldietatik eta bestelako natura-hondamendietatik babesten gaituzte".

Estuarioek, berriz, "organismo-aniztasun handia dute, horietako asko bereziak. Nabarmentzekoa da, bereziki, sedimentuan bizi den ornogabeen aniztasun handia eta bertan elikagaiak eta babesa aurkitzen dituzten hegaztien aniztasuna. Nahiz eta hegazti-espezie horietako gutxi batzuk ugaldu egiten diren Kantauriko estuarioetan, gehienek espazio horiek bisitatzen dituzte, migrazioetan eta negualdian babesa eta elikagaiak bilatzeko".

Mendiak ere "interes bereziko inguruak dira, bai ingurumena kontserbatzeko, bai eta gizarteak eskaintzen dizkigun ondasunak eta zerbitzuak kontserbatzeko ere. Espazio horietan bertoko baso naturalak edo erdi naturalak daude; horietan hainbat larre-mota eta txilardi-sastraka daude, eta harkaitz handiak eta kobak dituzte. Horietako gehienetan, ibai eta erreketako goi-ibarrak daude, eta hezegune ertainak eta txikiak".

Bideoak YouTubeko IngurumenaEJGV kanalean daude eskuragarri , ikusteko eta, batez ere, "hezkuntza-baliabide eta ingurumen-sentsibilizaziorako baliabide gisa erabiltzeko".

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos