Espermatozoideen kalitatearen hondatze «motel baina geldiezina»

Espermatozoide bat, obuluan sartu nahian.
Espermatozoide bat, obuluan sartu nahian. / REUTERS/Lennart Nilsson

Gizonezkoen ugalkortasuna murriztu dezakeen narriatzeari aurre egiteko, aditu batek gomendatu du estresa kontrolatzea, antioxidatzaileak kontsumitzea eta sexu-harreman gehiago izatea

M. IMAZ

Jan Tesarik doktore txekiarra ibilbide luzeko profesionala da laguntza bidezko ugalketaren eremuan. Gaur egun Granadan zuzentzen duen klinikaren web orrian azaltzen den curriculumaren arabera, sekulako lorpenak izan ditu Txekiar Errepublikan, Frantzian, Turkian edota Brasilen.

Granadako zentro horretako adituek Tesarik doktorearen zuzendaritzapean egin duten ikerketa batek berretsi du, ohar baten bidez adierazi dutenez, gizonezkoen espermatozoideen kalitatea dezente narriatu dela azken urteetan. Hala ere, ontzat ematen den baieztapen hori ezbairik gabekoa izateko beharrezkoa izango litzateke urtetako ikerketa egitea, ausaz hautatutako adin bereko gizonezkoen artean eta denak metodo berdinak erabilita aztertuz. Baldintza horiek, baina, gutxitan betetzen dira, normalean espermatozoideen kalitatea neurtzen delako ugalkortasun-arazoak daudenean, pazienteen adina aldakorra delako eta azterketa metodoak ere aldatu egiten direlako.

Kalteak DNAn

Hala eta guztiz ere, espermatozoideen kalitatean eragina duten zenbait ezaugarri aldera daitezke; esate baterako, DNAren integritatea. Horixe egin du 20 urtez Tesarik doktorearen taldeak. Zehazki, ugalkortasun-arazoak zituzten pazienteen espermatozoideak artertu dituzte, eta "lortu ditugun datuek erakusten dute gaurko gizonezkoek kalte handiagoak dituztela espermatozoideen DNAn orain dela 20 urtekoak baino, adin bereko pertsonak konparatuta betiere. Narriatzea progresiboa da, motela baina geldiezina".

Adostasuna erabatekoa ez bada ere, hainbat ikerketak ondorioztatu dute DNAren fragmentaziok gizonezkoen ugalkortasuna murriztu dezakeela, haurdunaldiak etenarazi eta osasun arazoak eragin jaioberriei. Aldagai horien eraginaren intentsitatea fragmentazioa pairatu duten geneen araberakoa da. Horrenbestez, batzuetan eragin kaltegarriak izan ditzake, eta beste batzuetan ez du batere eraginik izango

Oro har, handiagoa da erretzaileengan eta substantzia toxikoekin lan egiten duten gizonezkoengan. Eragin kaltegarria dute, halaber, airearen edo uraren kutsadurak; alkohol eta droga kontsumoak; testikuluetako tenperatura altuak eta zenbait gaixotasunek. Kalterik gabeak diruditen zenbait ohitura ere izan behar dira kontuan, hala nola bainu beroegiak hartzea, arropa estua janztea edo kirolen batzuk praktikatzea.

Tesarik doktoreak dioenez, gizonezko guztien esku dago euren espermatozoideen DNAren kalitatea hobetzen saiatzea. Horretarako, eragin kaltegarria izan dezaketen faktoreak estresa kontrolatzea, C bitamina eta beste antioxidatzaile batzuk hartzea eta sexu-harreman gehiago izatea, "frogatuta baitago espermatozoideen DNAren kalitatea pobreagoa dela gutxi eiakulatzen duten gizonezkoengan".

Erremedio horiekin batera, DNAren fragmentazioarei aurre egiteko hainbat tratamendu daudela dio, oralak zein laguntza bidezko ugalketaren arlokoak. "Gaur egungo metodoekin -adierazi du Tesarikek-, kasurik gehienetan posible da seme-alabak edukitzea espermatozoideen DNAk kalteak baditu ere, laguntza bidezko ugalketa teknika erabilita, edo horiek gabe".

Aldizkari espezializatu batean argitara eman duten artikulu batean, Tesarik doktoreak eta bere taldeak gaur egun DNAren kalteak diagnostikatzeko eta tratatzeko erabiltzen diren metodo denak aztertu dituzte, eta algoritmo batean jaso dute bakoitzaren erabilera, kaltearen larritasunaren eta ugalkortasun-arazoak dituen bikotearen egoera orokorraren arabera, emakumearena ere aintzat hartuz.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos