Nafarroa Oinezen eskutik, gailurrez gailur euskararen alde

Oinez zapia Monte Perdidon, Beti Gazte mendizale taldeko kideen eskuetan./
Oinez zapia Monte Perdidon, Beti Gazte mendizale taldeko kideen eskuetan.

Lesakako Tantirumairu ikastolak mendizaletasuna eta euskara uztartzen dituen Oinez Gailurra ekimenaren edizio berria jarri du abian

Oinez Gailurra ekimena Zangozako guraso talde bataen eskutik sortu zen, 2014 urtean bertako ikastolak antolatu zuen Nafarroa Oinez festaren baitan. Asmoa zen euskara eta Euskal Herrian horren hedatua dagoen mendizaletasuna uztartzea, eta esan daiteke bete-betean asmatu zutela, orduz geroztik Nafarroa Oinez festa antolatu duten ikastola eta herri denak bildu baitira egitasmora : Baztan Ikastola, Erentzun eta Ibaialde ikastolak eta, aurten, Lesakako Tantirumairu ikastola, urriaren 15ean 2017ko Nafarroa Oinez antolatuko duena.

Lan horretan murgilduta daudenek ohar baten bidez gogoratu dutenez, « bistan da proiektuarekin bete-betean asmatu zutela. Aunitz eta aunitz izan baitira gailurrerako bidean lagun izan direnak: batzuk proiektua garatzen lagundu dute, Juan Mari Feliu mendigoizale eta idazlea eta Gregorio Ariz mendigoizaleak, bertzeak bertze; bertze batzuk babesa eman dute, hala proiektuaren finantziazioan lagunduz, nola mendi gailur eta ibilbideak babestuz ».

Izan ere, hainbat mendi kasko eta ibilbide babesteko aukera ematen du Nafarroa Oinezen egitasmo honek, eta ehunka euskaltzale eta mendizalek izan dute azken hiru urteotan proiektuaz gozatzeko aukera. Horri esker, 337 gailur eta 5 ibilbide babestu dira dagoeneko munduan barrena euskara eta ikastolen alde. Horietako asko Euskal Herrian daude, baina Euskal Herritik kanpo ere gauzatu da egitasmoa ; esate baterako, Mexikoko Citlaltépetl sumendian, Austriako Wildspitzen edo Greziako Olimpon.

Tantirumairu, hortaz, prest dago « ilusio bereziz » katea luzatzen jarraitzeko. Aurkezpen ofiziala ostiral honetan eginen badute ere, « dagoeneko Oinez Gailurraren ikurra hainbat menditan ikusi dugu dantzan. Lesaka inguruko Bianditzedo Mendaur mendietan ez ezik, Tozal de Guaran, Jurramendin, Iheltz Fazeria-Irulegi-Lerrutz ibilbidean edo Pirinioetako Monte Perdidon, Petretxeman edo Hiru Erregeen Mahaian ere harro erakutsi dute, banaka, binaka, familian edo lagun taldean joandako mendizaleek. Seguru hemendik aitzinera ere hainbat kaskotan edo ibilbidetana gertuko dela Oinez Gailurraren ikurra ».

Gailurrak zein eskalada-bideak babestea ez da konplikatua. Lehenik eta behin, noski, euskararekin bat egin eta Tantirumairu ikastolari laguntza eskaintzeko borondatea behar da. Gero aukeratu behar da babestu nahi den gailurra edota eskalada-bidea, baita igoera egiteko eguna ere. Babes mota ere aukeratu behar da, eta ordainketa egin webgunean. Ondoren, etxean jasoko da Oinez Gailurra zapia, igoera burutuko ondoren gailurrean erakutsiko dela. Azken urratsa da argazkia edo bideoa egitea eta posta elektronikoz bidaltzen honako helbide honetara : argazkiak@oinezgailurra.eus

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos