Musika automatikoki sortzeko eta sailkatzeko metodoak, bertsoen melodietan oinarrituta garatuak

Aspalditxoko argazkian, Galtzagorri eta Tartalo robotak UPV/EHUren Donostiako campusean paratutako oholtzan, bertsotan hasteko prest. / USOZ

'Plos One' aldizkari ezagunak eman du UPV/EHUko Robotika eta Sistema Autonomoen ikerketa-taldeak egindako lanaren berri

UPV/EHUko Informatika Fakultateko Robotika eta Sistema Autonomoen ikerketa-taldearen (RSAIT) lan-ildoetako bat gizakien eta makinen edo roboten arteko elkarrekintzan aurrera egitea da. Arlo askotan landu daiteke harreman hori, jakina; beraien kasuan, gaiarekiko hurbilketa nagusietako bat BertsoBot proiektua da, "zeinetan bertsotan jartzen ditugun robotak", dio Basilio Sierra taldeko arduradunak. Robotak bertsotan jarri nahi horretan hainbat alor lantzen ditu RSAIT-ek: ahots-seinalearen ulermena, ordenagailu bidezko ikusmena, nabigazioa, musika-doinu berriak sortzea… Eta jarri izan dituzte bai bertsotan, bideoan ikus daitekeen bezala, baina bitxikeriatik haragoko emaitzak ere izan dituzte orain arte egindako lanek.

Izan ere, bertso-melodiak aztertuta, musika automatikoki sortzeko eta sailkatzeko metodoak garatu dituzte, eta Plos one' aldizkari ezagunak eman du horren berri. Taldeko ikertzaile eta doktoregai Izaro Goienetxeak, zehazki, bi ikergai ditu eskuartean: musikaren sorkuntza automatikoa eta musikaren sailkapen automatikoa. Ikertzaileak adierazi du musika automatikoki sortzeko hainbat metodo garatu izan direla, eredu gramatikal edo estatistikoetan oinarrituta; baina, haietan, "kontuan hartu beharko litzateke melodien koherentzia, erraz ulertzeko moduko melodiak sortu ahal izateko. Ziur egon beharko genuke melodia berrien barnean zenbait segmentu errepikatu egiten direla, bai nota mailan bai beste melodia maila abstraktuago batzuetan".

"Gai garrantzitsua bihurtzen ari da musikaren sailkapen automatikoak egiteko aukera izatea, musika-bilduma handiak antolatu ahal izateko" IZARO GOIENETXEA

Ikertzailearen jarduera musikaren sorkuntzan hasi bazen ere, musika sailkatzeko moduak ikertzera eraman zuten emaitzek. Eta ikertzaileak garrantzia ematen dio sailkapenaren alderdi horri ere; izan ere, "gero eta musika gehiago daukagu Interneten eskura, eta gai garrantzitsua bihurtzen ari da musikaren sailkapen automatikoak egiteko aukera izatea, musika-bilduma handiak antolatu ahal izateko", dio Goienetxeak.

Ezkerretik eskuinera, Izaro Goienetxea, Basilio Sierra, José Maria Martínez-Otzeta eta Iñigo Mendialua ikertzaileak. Eta robota, jakina.
Ezkerretik eskuinera, Izaro Goienetxea, Basilio Sierra, José Maria Martínez-Otzeta eta Iñigo Mendialua ikertzaileak. Eta robota, jakina. / NAGORE IRAOLA (UPV/EHU)

'Plos One' aldizkarian argitaratutako 'Towards the Use of Similarity Distances to Music Genre Classification: a Comparative Study' artikuluan ikerketa horren ondorioz lortutako bi metodo berri aurkeztu dituzte. Batetik, musika generoaren arabera sailkatzeko metodo bat aurkeztu dute, antzeko bertso-melodiak multzokatuz musika errepresentatzeko lortutako modu berri batean oinarritzen dena. Haren bidez, "melodia bat analizatzen dugu, eta zeren antzekoa den esaten dugu, alegia, zer generotan sailka dezakegun", azaldu du Goienetxeak. Multzokatze horiek erabiltzen dituzte, halaber, multzo horietan dauden melodien 'estiloko' melodia berriak automatikoki sortzeko. "Melodia berri horiek jatorrizkoen antzekoak izango dira", zehaztu du ikertzaileak. "Eta musika-eredu bat baino gehiago elikatuz, haien nahaste izango den beste melodia berri bat sortuko du, bertsio berri bat", erantsi du Sierrak.

Bertsoen melodiez osatutako corpus edo bilduma bat erabili du ikertzaileak bere ikerketa garatzeko. "Bertsoen melodiak nola errepresenta daitezkeen eta, gero, melodia horiek nola sailka daitezkeen proposatzen dugu. Guk metodoa lortu dugu, eta, gero, beste corpus-mota batean, beste musika-mota batean, aplika daiteke", dio Goienetxeak. Ikertzaileak dio bertsoen melodia berriak automatikoki sortzea lortu dutela, "baina metodoa erabilgarria izan daiteke musika-terapiako aplikazioetan, musikaren konposizioaren ikaskuntzan edota konposizioko programetan ere, besteak beste".

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos