Munduko gizarte garatuenetako batean bizi gara

Artxiboko argazkian, adineko pertsonak eta haurrak Bilboko parke batean. / I. PEREZ

Giza Garapenaren Indizearen arabera, 13. postuan dago Euskal Autonomia Erkidegoa, Espainiaren batez besteko posizioa 27.a den bitartean

Euskal Autonomia Erkidegoa munduko gizarte garatuenetakoa da. Eustat Estatistikaren Euskal Erakundeak asteazken honetan ezagutarazi duen Giza Garapenaren Indizearen arabera, munduko lehen 15 herrialdeen artean dago. Nazio Batuen Garapenerako Programaren metodologia erabili da kalkulua egiteko, 2010-2015 aldian.

Programaren azken txostenean, 2015eko datuekin, 188 estatu sailkatu dira, bizi baldintzen arabera. GGI 0tik 1erako eskalan ezartzen da, eta bizi itxaropena jaiotzean, espero diren haurren eskola urteak, 25 urte edo gehiagokoen eskola urteak batez beste eta per capita errenta gordin nazionala hartzen dira kontuan.

Modu honetan, 2015ean, EAEk 0,916ko GGI zuen, 12. eta 13. postuen artean kokatuz. Norvegia, Australia, Suitza, Alemania, Danimarka, Singapur, Herbehereak, Irlanda, Islandia, Kanada, AEB eta Hong Kong aurretik daude. Espainia 27. dago, 0,884ko indizearekin, eta azkena Errepublika Zentroafrikarra, 0,352rekin.

2014. urtearen aldean, bost estatu jarri dira EAEren aurretik: Singapur, Islandia, Kanada, AEB eta Hong Kong. Halere, aldeak ezdeusak dira, milaren 1etik 7ra bitartekoak.

2010-2015 aldian, GGIren osagai ia guztiek hobera egin dute EAEn. Halere, azken urtean, bizi itxaropena 83,3 urtetik 83 urtera jaitsi da, eta aurreikusitako eskola urteak 18,8 urtetik 18,6 urtera. Bizi itxaropenean aurretik daude Hong Kong (84,2), Japonia (83,7), Italia (83,3), Singapur (83,2) eta Suitza (83,1), eta aurreikusitako eskola urteetan, Australia (20,4), Zeelanda Berria eta Danimarka (19,2) eta Islandia (19).

Halaber, 25 urtetik gorako helduen batez besteko eskola urteetan 10,2 urtetik 10,8 urtera pasatu da EAE, eta 39 estatu daude aurretik, aurrenak Suitza (13,4), Erresuma Batua (13,3), AEB, Alemania eta Austria (13,2) izanik.

Azkenik, per capita errenta nazional gordina, 2010etik 2015era, 43.207 dolar estatubatuarretatik 44.252 dolarrera handitu da, erosteko ahalmenaren parekotasunean neurtuta. Errenta handiena Qatarrek (129.916) eta Norvegiak (67.614) dute, eta justu EAEren aurretik Alemania (45.000) eta Danimarka (44.519) daude.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos